Maider IANTZI

Itzurun konpartsa, jendearekin interakzioan magia sortuz

Ospakizunetan dabil Itzurun erraldoi eta buruhandien konpartsa, 35. urteurrena bete duelako eta San Sebastian egunaren bezperan Hiritar Merezimenduaren domina jaso zuelako. Dantza berri bat eskainiz eskertu dute. Gaur errepikatuko dute, agur ekitaldian.

Astelehenean ekitaldi bat egin zuen Itzurunek jarraitzaileei esker ona adierazteko, hobekien dakien moduan, dantzatuz. Antxon Gisasolak abesti bat konposatu zuen Xabi Zabalaren laguntzaz. “Zirrara” izena jarri zioten, urte hauetan guztietan sentitutakoa transmititzeko asmoz. Irungo bandak eta Tolosako gaiteroek moldatu, eta koreografia berezi eta dotore bat –zail samarra– prestatu zuten. Gaur errepikatuko dute, 20.00etan, Zuloaga plazako agur ekitaldian.

70 bat lagun dira konpartsan eta kalera ateratzen diren egun bakoitzean 52 pertsona ibiltzen dira. Musikariak gehituta, 80 kidera iristen dira. «Oso elkarte gaztea gara eta oso giro ona dugu. Belaunaldi aldaketa gertatzen ari da». Hemendik, Antxon Gisasolak (kantuaren sortzailearen izen bereko semea) gazteak animatu nahi ditu parte hartzera.

Hiriarena eta hiriarentzat direla azaldu du. Hurbilekoak izaten, parte-hartzea bultzatzen eta transmititzen saiatzen dira. Buruhandien kasuan beldurra izan daiteke, sorpresa, zirrara, barrea... «Hurbildu nahi dut, baina beldurra ematen dit»; umeen jolas hori ederra da. Erraldoiekin ere bai. Garaienetakoak dira: 4,15 metroko garaiera dute (Iruñekoek 3,75). «Ikusgarriak eta dotoreak dira eta jendea harrituta uzten dute, gehienbat turistak, ez dituztelako ezagutzen. Gustatzen zaizkie».

Jendearekin jostatzen dira. «Hartu-eman bat da, beraiek ere festan sartzeko. Erraldoiarekin zoazela ume bat ikusten baduzu guraso baten bizkar gainean berarengana hurbiltzen zara pixka bat dantzatuz, eta gurasoak zure ondoan dantzan jarraitzen du, erraldoia izango balitz bezala», agertu du konpartsaren buruan doan erraldoia, arabarra, dantzarazten duen Gisasola gazteak. Lan handia dago atzean: «Kalera ziurtasunez atera eta disfrutatzeko hala behar du, 60-67 kiloko erraldoia dantzatzea zaila baita. Grazia eta erritmoa eman behar dizkiozu».

Aste Nagusiko zortzi egunak hagitz garrantzitsuak dira Itzuruneko kideentzat, jai hauetatik at irteera bakarra dutelako, euskal jaietan (bertan ez da konpartsa guztia ateratzen). Orotara zortzi kankailu eta hamalau buruhandi dira.

Kanpoan ere ezagutarazi dute konpartsa, eta jendeak hagitz gogoko du. Erraldoi bikote batek Araba irudikatzen du, bertzeak Nafarroa, hurrengoak Gipuzkoa eta azkenak Bizkaia. Probintzia horietako pertsonaia edo dantzariak dira. Buruhandiak, berriz, Donostiako festen sinboloak dira: danborrada, kaldereroak, inudeak eta artzainak, inauteriak... Berezitasunetako bat korrika aunitz egitea da. Maskuriarekin kolpatzen dute; honek, ongi bustita, ez du minik egiten, baina zarata atera bai, bizitasuna emanez. Aurten batu da hamalaugarren buruhandia: urketaria. Eta, hala, mutil adina neska daude taldean. «Oso harrera ona egin diote. Betidanik egongo balitz bezala da». Jantziak ere berritu dituzte. Lan handia egin dute 2016 honetan jendeari irribarre bat ateratzeko eta emaitzak ere halakoak dira.

18.30ean San Telmo museotik ateratzean atea irekitzen duten bakoitzean jende gehiago dago. «Gero eta ume gehiago daude erraldoiak maite dituztela dakigunak. Gomazko figurak atera genituen eta urte osoan horiekin jolasean ikusten dituzu txikiak. Hori ere badu konpartsak: izugarrizko jokoa eman dezake». Etorkizunean lokal bat lortu eta eskoletako umeekin jarduera didaktikoak egitea dute asmo, Tolosan bezala.