Jon GARMENDIA
Idazlea

Bizitza berridazten

Bateko edo besteko, gertatzen zait gai bati buruz idatzi ondoan, azken puntua eman orduko, lerrokada berrirakurri eta maitatu ez dudanez dena pikutara bidaltzea, eta, beraz, berriro idazten hastea. Batzuetan gaia aldatzen dut, eta bestetan gai bera baliatzen dut beste ikuspuntu batetik. Bidaltzea lortzen dut halere, eta paperean irakurtzen duenak erantzunik eman ezin didanez sare sozialetan jartzen dut idazkia ea norbaitek erraten didan zer iruditu zaion. Komunikazioa ezinbestekoa zait, bestela uharte batean nintzateke isolatua, itsasoan galdutako botiletan dauden mezuen zain. Baina lasai irakurle, ez nator nik egiten dudana kontatuz zu aspertzera.

Aste honetan lagun batek sare sozialetan idatzi du bere hirugarren nobela amaitu duela, baina berrirakurketan maitatu ez duenez ordenagailuko paperontzira bota duela; alabaina, oldartu zaizkio lagunak, ni barne, guk epaitu behar dugula balio ote duen ala ez, jadanik ez dela bere irakurgaia, baizik gurea.

Atzokoan Adurrekin egin nuen topo kasualitatez gure Lapurdiko kostan, udan kukugordeka ibiltzen baikara, zail gertatzen zaigu turisten artean ohiko lagunak aurkitzea. Eta aitortu zidan sare sozialetan idaztea kosta egiten zaiola, mezu bat idatzi orduko ezabatzeko gogoa nagusitzen zaiolako beti. Marrazkilaria. Ziur ez dela bakarra. Seguruenik, bizitakoa, bizitza berrirakurri, eta berriro idazten hasteko gogoa dudan bakarra ez naizen bezala.