GARA
BILBO

Guggenheimen irtenbidea onartu ez eta grebekin jarraituko dute langileek

Bilboko museoak hezitzaile eta orientatzaile zerbitzua emateko lanaldi osoan hiru langile kontratatzea proposatu du, baina Manpower Group azpikontratako 18 langileek horrek lanpostuak suntsitzen dituela erantzun dute. Gaur ekingo diote zortzigarren greba egunari.

Hastear den ikasturtetik aurrera, hezitzaile eta orientatzaile zerbitzua emateko lanaldi osoan hiru langile kontratatuko dituela iragarri zuen atzo Bilboko Guggenheim museoak. Orain arte zerbitzu hori Manpower Group Solutions enpresak eman du eta hain justu azpikontrata horretako langileek zortzi greba egun egin dituzte abuztuan honakoa eskatzeko: beren lanpostuen subrogazioa zerbitzuok emateko kontratuaren beste esleipenik balego eta lansarien hobekuntza.

Langileek berehala erantzun zioten ohar bidez museoari: ez dute egindako proposamena onartuko «lanpostuak suntsitzen dituelako». Kontuan izan behar da orientatzaile eta hezitzaileak hemezortzi direla uneotan. «Museoak ez du bermatzen lanean jarraituko dugunik, esleipenaren baldintzetan ez duelako subrogazioa erantsi, hain justu, gatazkaren muina dena», adierazi zuten. Langileek aurreikusitako mobilizazioekin jarraituko dute, eta ez dute beste urratsik baztertzen. Hain zuzen, gaur, 11.30etik aurrera, zortzigarren greba egunari ekingo diote.

Manpower Group taldearekin Bilboko museoak duen kontratua datorren hilaren 30an amaitzen d. Hortaz, zerbitzua berriro esleitu ahal izateko deialdia ireki beharko litzateke.

Guggenheim museoak berak adierazi duenez, «zerbitzuaren azpikontratazioa gordetzearen alde» zegoen, orain arte egin bezala. Aitzitik, «zerbitzuak emateko kontratu berrian hipotetikoki subrogazioa tartean sartzea ez dator bat museoaren antolaketa-irizpideekin eta ez da egokia horrelako zerbitzua langilez hornitzeko», nabarmendu du Guggenheim museoak.