GARA
DONOSTIA

Hamaika hautagai, Gehituren Sebastiane saria eskuratzeko

Datorren irailaren 23an Gehitu elkartearen eskutik Sebastiane saria emango zaio Donostiako Zinemaldiko filmen artean LGTBI kolektiboaren errealitatea, askatasuna eta aurrerapen sozialak hoberen islatzen dituen lanari. Hamaika film dira saria eskuratzeko hautagai.

Hamazazpigarrenez banatuko du aurten Gehitu elkarteak Sebastiane saria Donostiako Zinemaldiaren baitan. Orotara hamaika hautagai izango dira aurten saria eskuratzeko lehian, guztiak ere nazioarteko zinema jaialdiaren sail desberdinetan parte hartuko dutenak. Hain zuzen ere, irabazlea Sail Ofiziala, Horizontes Latinos, Zabaltegi eta Zuzendari Berriak sailetan parte hartuko duten hamaika lanen artean aukeratuko da. Halaber, aipatu LGTBI gaia jorratzen duen urteko iberoamerikar film onenari ematen zaion Sebastiane Latino sariko 2016ko lan irabazlea, “Rara” (Txile), Horizontes Latinos sailean eskainiko dela. Pepa San Martinek zuzendutako filma da “Rara”. 

Gehituk bere poza agertu du aurten saria eskuratzeko dauden hautagaien kopurua nabarmen handitu dela-eta. Gainera, horietariko lauk Sail Ofizialean parte hartuko dutela nabarmendu du. Lehia ofizialean arituko diren lanen artean da Miles Joris-Peyrafittek zuzendutako “As You Are”, nerabeen arteko istorio bat oinarri duena. Sail berean parte hartuko du ere Sang-il Lee japoniarraren “Ikari/Rage” filmak. Erailketa basatiak eta giza harremanak dira kontakizunaren ardatz.

Sail Ofizialean beste bi lan hauek ere lehiatuko dira: Fernando Guzzoniren “Jesus” –18 urteko gazte baten nora eza du kontagai– eta Arnaud des Pallieresen “Orpheline” –adin ezberdineko lau emakumeren bizitzetako lau une biltzen ditu–.

Zuzendari Berriak saileko hautagai dira, bestalde, Maysaloun Hamoud “Bar Bahar/In Between” lanarekin eta Lee Hyun-ju “Yeon-ae-dam/Our Love Story”-rekin. Horizontes Latinosen eskainiko dira, berriz, “La region salvaje” (Amat Escalante), “Rara” (Pepa San Martin) eta “Santa y Andres” (Carlos Lechuga). Eta Zabaltegiko hautagai dira, azkenik, “O Ornitologo” (Joao Pedro Rodrigues) eta “Uncle Howard” (Aaron Brookner).

Irailaren 19tik 21era Iberoamerikako LGTBI zinema jaialdien bigarren topaketa ere egingo da Donostian, Zinemaldiaren eta Accion Cultural Españarekin elkarlanaren fruitu. Europa eta Amerikaren artean zubiak eraiki asmoz antolatzen da topaketa eta LGTBI festibalen errealitateari buruzko hausnarketa bultzatzea du helburu.