GARA
ITSASO

Ezkiotik banandu eta udalerri izan nahi dutela erabaki dute itsasoarrek

Ezkion eta Itsason banatzeko nahia presente izan da frankismoak batzera derrigortu zituenetik. Azkenik erabakitzeko aukera izan dute itsasoarrek, eta udalerri izatearen alde bozkatu dute 119 lagunetik 88k.

Guztira 140 itsasoar zeuden deituta galdeketan parte hartzera (62 gizon eta 78 emakume, bertan erroldatuak, 18 urtetik gorakoak). «Nahi al duzu Itsaso berriro udalerri izatea?» galderari bai ala ez erantzun behar zioten. Eta herritarrek garbi adierazi zuten: Ezkiotik banandu eta Gipuzkoako 89. udalerria izateko pausoa eman nahi dute.

Goizeko bederatzietatik arratsaldeko zortzietara, 140 lagunetatik 119k eman zuten bozka. Eta, aurreikusita zegoen bezala, gehienek (88 pertsonak) baietz erran zioten udalerria sortzeari. 26 bizilagunek ezetz bozkatu zuten, lau boto zuri izan ziren, eta baliogabe bat.

Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko Gipuzkoako foru diputatua, Imanol Lasa, Itsason izan zen goizean, galdeketa babesteko asmoz. Kontsultara iritsi arteko prozesua 2011n hasi zen: «Urtetako lana izan da. Ideiak, pertsonak eta proposamen guztiak aintzat hartu dira, eta esango nuke, gainera, eredu direla, eredu bihurtu direla etorkizunean horrelako prozesu bat abiatzerakoan gauzak nola egin behar diren erakusteko».

Lana elkarlanean egin dutela azpimarratu zuen: «Ezkio-itsasoarrek, Aldundiak eta eragile askok parte hartu dute», nahiz eta Aldundia izan den desanexio prozesuari bukaera emateko kontsulta antolatu duena.