Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

«Herriaren porrota» islatzen duen gertaera triste baten ikuspegi propioa

Neoliberalismo txiletarraren baitan sektore marjinaletan bizi diren gazteen erretratua da «Jesus». 2012an Santiagon benetan gertatutako hilketa batean oinarritu du Guzzonik bere bigarren fikzio lana, baina hildakoari justizia egin ordez erasotzaileen errealitateari begiratzen dio, euren bizimoduei, grinei eta harremanei.

Benetan gertatutako istorio bati buelta eman nahi izan dio Fernando Guzzoni zuzendari txiletarrak bere fikziozko bigarren filmean, “Jesus”. 2012an Zinemaldia astindu zuen “Carne de perro” lanarekin. Oraingoan duela lau urte Santiagoko parke batean gertatutako hilketa bat dakarkigu.

«Benetako gertaera baten nire ikuspegi propioa egin nahi nuen. Lau gaztek beste bat hil zuten. Biktima homosexuala zen eta, esan zutenez, erasotzaileak neonaziak ziren. Horrela, barrera bat ezarri zen zintzoen eta gaiztoen artean, herritarren eta erasotzaileen artean. Baina nik erasotzaileen inguruko jendea ezagutu nuen eta konturatu nintzen biktimaren giro berekoak zirela eta bazutela zerbait amankomuna: aitaren figuraren erreferentzia falta», azaldu zuen zuzendariak.

Guzzonirentzat gogorrena izan zen konturatzea ez zegoela gorrotozko arrazoirik hilketa horren atzean, «anaiak» zirela. «Klaseen arteko borroka bateko erailketa ez dut justifikatzen baina uler nezake. Baina hau... herriaren porrota da», aipatu zuen bere ikuspegia arrazoituz. Izan ere, biktima filmaren bigarren mailako elementu bat besterik ez da, eta protagonista erasotzaileetako bat da. Aitarekin duen harremana ez da oso ona. «Aita-seme harreman hori ez da oso egonkorra. Une batean ikusten da aitak baduela gizartearekin betebehar bat, semearekiko duena baino indartsuagoa dena», azaldu zuen.

Istorioa errealitatez bustitzeko, j-pop dantzatzen duten gazteekin nahasi zen Guzzoni, hiriko tribu batekin. Dantzari horiek ere agertzen dira filmean, aktoreak ez direnez, freskotasuna emateko asmoz.

Sexu gordina

Pelikulan karga handia duen beste elementu bat sexua da. Protagonistak sexu gordineko eszenak egin behar izan zituen. «Protagonistak 18 urte izatea nahi nuen –adingabeek ezin dituzte honelako eszenak egin–, eta ez hogeitik gorako aktore bat adingabe baten papera egiten. Oso ausarta izan da eta pelikulak ahalegin bat suposatuko zuela ulertu zuen», aipatu zuen zuzendariak Nicolas Durani buruz hitz eginez. Honentzat, ordea, sexu eszenak ez ziren hain zailak izan.

Aitortu zuenez, zailagoa egin zitzaion j-pop delakoa dantzatzea sexu eszenak baino. «Nirekin sexu harremanak dituen neska hori nire bikotekidea zen une horretan. Gay eszena zailagoa izan zen, baina ez lotsa ematen zidalako, baizik eta erreala izatea nahi nuelako. Horregatik nire lagun homosexualekin egon nintzen harremanetan denbora guztian».

Sexu gordina erakusten duten une horiek ere badute azalpen bat. Zuzendariaren iritziz, egungo gazteak ez dira heterosexual, homosexual, bisexual edo pansexual definitzen, baizik eta sexua beste modu batera bizi dute: gorputz bat beste batekin elkartzen da plazer bila.

Aitaren papera egiten duen Alejandro Goic-ek ere bere iritzia eman zuen gai honi buruz: «Indibidualismo handia dago, bakardadea dakarrena. Batez ere, sektore marjinatuetan ikusten da eta Txilen sektore hori oso handia da. Sexu grinatsu hori bakarrik ez egoteko modu bat da, gazte marjinatuek maitasuna bilatzeko duten modua, bakardadea arintzeko modua».