Nagore BELASTEGI
OÑATI

Gaztetxoek euren neurrira egindako egitaraua dute San Migel egunean

Atzo hasi ziren Oñatiko sanmigelak ofizialki, nahiz eta jai giroa duela egun batzuetatik nabari den. Txantxikuaren jaitsierarekin batera egin zuen eztanda asteartera arteko jaiak. Gaur gaztetxoentzako ekintza ugari izango dira, eurek prestatutakoak, Udalak eskumen hori eman dielako. Bihar, berriz, Doctor Deseoren kontzertua izango da, eskualdeko jendea erakartzeko asmoz. Eta larunbatean, egunik jendetsuena izango dute, Herri Eguna.

Oñatiko jaietan egun bakoitzak bere berezitasunak ditu eta horietatik ez ohi dira irteten. Hala ere, saiatzen dira egitarauan nobedadeak sartzen. Horretarako, aurten gaztetxoei eskumena eman diete euren egitaraua prestatzeko. Hala, gaur horientzako zuzenduta dauden ekintza asko beraiek eskatutakoak izango dira.

San Migel eguna 8.00etan hasiko da txosnagunean, gaupasero eta mendizaleekin argazki erraldoia aterata. «Klasiko bat da jada. Jendea ordu horren zain egoten da. Batzuk etxera joaten dira eta ordu horretarako itzultzen dira argazkia ateratzeko», azaldu zuen Nerea Zubia Oñatiko zinegotziak. Argazki hori ez da inon argitaratzen, baina jendeari ilusioa egiten dio parte hartzea.

Horren ondoren, txokolate-jana egingo dute eta txistulariek goiz-eresiari ekingo diote. Helduek 11.00etan plater tiraketa hasten dutenerako, gaztetxoentzako egitaraua ere martxan jarriko da. Goizean zehar paintball gerra egingo dute unibertsitate aurreko zelaian, eta institutu aurreko plazan kluedo ginkanari hasiera emango diote. Ekintza hauek azken hilabetean antolatu dituzte gaztelekuko hezitzaileekin batera.

Zinegotziaren esanetan, polemika puntu bat sortu zuen udaletxean gazteei eskumena eman izanak. «Gure ustetan, 16 urteko gazteek heldutasun nahikoa dute zer nahi duten jakiteko. Guri zilegitasun maila hori ematea tokatzen zaigu. Libre utzi ditugu, aurrekontua errespetatzen duten bitartean», argudiatu zuen.

Bazkalostean, 15.30ean, txosnagunean, Ailaketeko kideek alkoholaren kontsumoarekin harremana duten jolasak eta tailerrak egingo dituzte, gazte jendeari zuzenduta, batez ere. Bien bitartean, kiroldegian burbuila-futbola jokatuko dute. Horretan, futbolariak gorputza airezko burbuila erraldoi batez babestuta dutela jokatuko dute.

Arratsalderako bestelako ekintzak ere iragartzen ditu egitarauak: haur parkea arratsaldean zehar Etxaluzen –eguraldi txarra egiten badu, kiroldegian–, One Man (Blues) Band taldearen kontzertua eta “2057 Odisea bat kanposantuan” filmaren aurkezpena.

Eskualdeko jendea erakarriz

Bihar gauean iritsiko da jaietako plater nagusia, Doctor Deseoren kontzertua, hain zuzen. Plazan izango da hori, 23.00etan. «Plazan egunean zehar gauza asko izaten diren arren, gauean kontzertuak normalean txosnagunera mugatzen dira. Iaz, ordea, horiek plazara eramaten hasi ginen. Ahalegin berezi bat egin da, batez ere ahalegin ekonomikoa, baina dugun helburua da generazio desberdinetako jendea elkartzea», eman zuen aditzera Zubiak.

Iaz ere beste kontzertu handi bat antolatu zuten eta ondo atera zenez, aurten errepikatzea erabaki dute. Normalean, egun hori Arrasateko Maritxu Kajoi ospatzen den egun berean izaten da, baina zazpi urtetik behin ez du kointziditzen eta aurten horixe gertatzen da. Horregatik, uste dute eskualdeko jendea erakartzeko modu bat izan daitekeela kontzertua.

Taldeak berak iragarri zuenez, dituzten euskarazko kantak ere eskainiko dituzte Oñatin. Ondoren, igandean, Bergarako Kilometroen festan ere kontzertua emango dute eta bertan 45 minutuz euskara hutsean aritzea dute helburu, Goiena atarian argitu zutenaren arabera.

Baina aurretik, Debagoienean Oñatiko jaiei aurre egin beharko diete larunbatean ospatzen baita festetako egunik jendetsuena, Herri Eguna. Herriko jende ugarik parte hartzen du eta inguruko herrietatik ere jende andana gerturatzen da.

«Beste herri batzuetan Euskal Jaia dena bezalakoa izaten da. Ganadua izaten da, barazkiak, jendea baserritarrez janzten da, trikitixa giroa dago...», laburtu zuen zinegotziak. Egun horretan ere Beldur Barik gunea zabalduko dute, hain zuzen ere, jende asko ibiliko delako. Erasoen prebentziorako informazioa banatu eta erasoen aurrean nola jokatu behar den azalduko dute Unibertsitate etorbidean.

Horrez gain, arratsaldean (19.00) txosnagunetik abiatuta presoen aldeko manifestazio txikia egingo dute eta ondoren herriko presoak omenduko dituzte.