Maider IANTZI
ELGETA

Kereilez hausnartzeko pausoa Elgetan, Intxortako erresistentziatik 80 urtera

80 urte joan dira Intxortan lehendabiziko aldiz indar frankisten aurrerapena oztopatu zenetik. Ondorioz Estatutua eta Jaurlaritza sortu ahal izan ziren. Oroitzeaz gain, gaurko erronkei heldu diete Elgetan.

Elgetan jardunaldi memorialistak egin zituzten joan den asteburuan. 70 lagun inguruk parte hartu zuten eta antolatzaileak pozik ziren. Lehenik eta behin, Intxortan aurrenekoz indar frankisten aurrerapena trabatu zela 80 urte igaro direla oroitu zuten. «Gertakari historiko oso garrantzitsua izan zen», adierazi du Iraitz Lazkano alkateak. Baina gogoratzeko soilik ez, gaur egun memoria historikoaren alorrean dituzten erronkei heltzeko ere antolatu zuten ekitaldia, horiek mahai gainean jarri, hainbat esperientzia ezagutu, eta dauden aukerak baloratzeko.

Horretarako gonbidatu zituzten Josu Ibargutxi, Frankismoaren Krimenen Kontrako Kereilaren Euskal Plataformako kidea, eta Jaume Asens Bartzelonako alkateordea, italiar Estatuaren kontrako salaketak sustatu zituena, Bartzelonan egin zituen bonbardaketak zirela-eta. «Interesgarria izan zen Elgetan proposamen bat zabaldu zelako bonbardatuak izan diren hainbat herrik kereila bat sortzeko».

Joseba Asiron Iruñeko alkatea ere joatekoa zen, baina hirian sute bat gertatu eta lagun bat hil zenez ezin izan zuen. Halere, berak bidalitako eskutitz bat irakurri zuen Miren Urigoitia Otxandioko alkateordeak. Bertan iragarri zuen urriaren 28an topaketa batzuk eginen dituztela ildo beretik, bonbardatuak izan diren herriek kereila baterako aukerak aztertzeko.

Hurrengo parte-hartzailea Bilboko Udaleko zinegotzi Mikel Alvarez izan zen, eta azkena Iraitz Lazkano bera. Memoria historikoaren urratsak identifikatu zituen honek: egia ezagutzea, ondotik ezagutaraztea, omentzea, eta justizia exijitzea. Kereilez hausnartzea justiziaren bidean beste pauso bat dela azpimarratu du Elgetako alkateak.