GARA
DRESEN

«Traidore» deitu diote Merkeli Alemaniaren Bateratzearen festan

Pegida Mendebaldea Islamizatzearen Kontrako Abertzale Europarrak mugimenduaren ehunka jarraitzaile alemaniarrek irainka hartu zuten atzo Angela Merkel kantzilerra Alemaniaren Bateratzearen urteurreneko ospakizunak hartu zituen Dresden hirian.

Joachim Gauck Alemaniako presidenteari, Norbert Lammert Parlamentuko presidenteari eta Merkeli berari «traidore» deitu zieten manifestariek.

«Merkelek alde egin dezala» eta «Alemania traizionatzen duenak Alemania utzi egin behar du» entzun behar izan zuen kantzilerrak Dresdeneko Garraioaren Museoaren aurrean. Manifestarien artean Lutz Bachmann Pegida mugimenduaren sortzailea bera zegoen.

Poliziaren laguntza behar izan zuten agintariek, urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldira iritsi ahal izateko. Izan ere, herrialdearen ekialdean xenofobiak gora egin du eta bertan lortzen ditu emaitzarik onenak AfD Alemaniarako Alternatiba eskuin muturreko alderdi politikoak. Gainera, Dresden hasiera-hasieratik nabarmendu zen bide horretan, bertan sortu baitzen Pegida mugimendua.

Merkelek onartu zuen bere hitzaldian herrialdearen bateratzearen 26. urteurrenean «arazo berriak» dituela Alemaniak eta horiei aurre egiteko elkarrizketa eta errespetua eskatu zituen. Kantzilerrak bere esku dagoen guztia egingo du elkarrizketari eusteko, atzo agindu zuenez.

Saxoniako Gobernuak bere tristura adierazi zuen: «Lotsatuta gaude ospakizun baketsu batean ikusi ditugun gorroto adierazpenengatik eta errespetu faltagatik». «Gaur gorrotoa inolako arriskurik gabe adierazi dutenek ahaztu egin dute orain 26 urteko manifestariek zuten egoera», esan zuen Lammertek.