Idoia ERASO
SARA

Sarako herriak bere historiako lehen kabalbada aurkeztuko du

Lapurdi eta Nafarroa Behereko herri askotan kabalkada-toberak egiteko ohitura handia dago, baina Sara ez da horietariko bat. Alta, herritarren arteko giro artistikoak ohitura bereganatzera bultzatuta, igande arratsaldean bere lehen kabalkada plazaratuko du Sarak.

Igande eguerdian Sarako plaza antzezlez, dantzariz, musikaz, kantariz eta bertsolariz beteko da. 14.30ean parte-hartzaileek herriaren itzulia eginen dute desfilatzen, eta 15.00etatik goiti ehun bat biztanle elkartu dituen ikuskizunaren emanaldi bakarra eskainiko da plazan. Bi urte luzez lanean aritu eta gero, toberen tradizioak bere lehen urratsak eginen ditu Xaretan.

2011n arrakasta handia bildu zuen “Oroitzapenetik bidaiara” ikuskizunaren ondotik heldu da proiektua. Egitasmo berri batean sartzeko gogoa piztu zitzaien eta Amadeo Arretxea-Txoperena dantza irakasleak formatu tradizionala entseatzea proposatu zuen. Behin deliberoa hartuta herriko jakintza eskasiak Itsasura eraman zituen antolatzaileak, itsasuarren ahotik kabalkadaren kodeak eta ohiturak zeintzuk diren ikasteko.

«Lehen aldia baita egiten dugula entseatu gara aski tradizionalak egoten, horregatik antzerkia tobera izanen da», azaldu du Amaia Arotzarenak, Sarako Dantza Taldeko presidente eta antolatzaileak. Antzerkiaren partean, ohiturari segituz, auzia eginen da, prokuradorea, abokatua eta epailea protagonista izanik.

Hiru izanen dira tribunalaren aitzinera aurkeztuko diren gaiak, baina ohi bezala horiek zeintzuk diren sekretupean atxikiko dituzte estreinaldi egunera arte. Lau idazle izan ditu obrak: Pantxo Mitxelena, Maider Olazo, Phillippe Gerard eta Patrick Etxegarai “Saski”. «Azken hilabeteetan pasatu diren gertakariei buruz mintzatzen da, pixka bat kitzikatzeko maneran, irri eginez», azaldu zuen Arotzarenak.

Berritasuna tradizio bilakatuta, ohi bezala Sarak bere ukitua emanen dio, eta horretarako dantza koreografia eta musika konposizio berri batzuk ere izanen dira. “Saratarrak” mutxikoa nabarmendu behar da, Sebastian Zamorak eginiko musika lagun urrats zahar eta berriak elkartuko dira dantzan.

Ohiturarekin bat egiteko zaldien kabalkada ezin ahantzi, ezta bertsolariak ere, azken lan horretan Ellande Alfaro eta Karlos Aizpurua ariko dira plazan.

Ate berri bat ireki da

Igandean eguraldi txarra egingo balu, hurrengo asteburura atzeratuko litzateke, hau da urriaren 16ra. Oraingoz etzikoa emanaldi bakarra izanen da, baina bigarren baten aldeko ahotsak altxatzen ari omen dira. Sarak kabalkada eginen duen lehen aldia bada ere, espero daitekeenez ez da azkena izanen, herrian sortu duen elkarlanean aritzearen plazerak besterako bidea ireki egin duela esan zuen Arotzarenak: «Gogo handia sortu da eta giroa ere egin da; beraz, pentsatzen dut izanen direla gehiago».

Beste kabalkadarik izanen ez balitz ere, aurtengoak bere haziak utzi ditu herritarren artean. «Ezagutzen ez genituen pertsonak, edo herrian anitz ez direnak ibiltzen dantzatzera eta kantatzera bildu dira. Dantzari batzuen artean gutizia berri bat sortu da, urte batez klaseak hartu eta gero gogoa piztu da eta helduentzako klaseetan segituko dute hemendik goiti ere», erran zuen antolatzaileak.

Ohi bezala plazan ariko direnez gain beste dozenaka pertsona ere ibili dira lanean. Dantza taldeak zeuzkan jantziez gain egin behar izan direnak josten esaterako. Elkarteen parte-hartzea ere izanen da, sarbideak kudeatzen edota festa giroa borobiltzeko ezarriko den ostatuan zerbitzatzen.