GARA
IRUÑEA

Peruko gizartea eta paisaiak zuri-beltzean irudikatu ditu Castro Prietok

Juan Manuel Castro Prietok «Peru, eguzkira bidaia» argazki bilduma jarri du ikusgai Iruñeko Ziudadelako Mistoen eraikinean. Andeetako herrialdera egin dituen bidaietan hartutako 30 argazkik osatzen dute bilduma.

Castro Prieto 1990ean joan zen lehen aldiz Perura, bere argazkilaritzako laborategi profesionala ireki berria zuelarik, Martin Chambi Peruko argazkilaritzaren maisu handiaren lanen kopiak Cuscon positibatzera. Lan hura amaitu eta gero, egun batzuk gorde zituen herrialdea bisitatu eta ezagutzeko, Peru txikitako bidaia-fantasietan izan baitzuen beti. Inken ibar sakratua eta Machu Picchu izan ziren bisitatu zituen lehen bi guneak, zibilizazio mitiko haren aztarnekin harremanetan jarri zutenak –orain Castro aditu kartsua da haietan–. Mendiko oihana, mendilerroa, Andeetako goi-lautada, Amazoniako oihana edo kostaldeko eskualdeak dira proiektu honetako agertokiak, zeinari esker hamabi aldiz bisitatu baitzuen Castrok Peru, harik eta 2000n bukatu zuen arte.

Argazkietako pertsonaia guztiek gogora dakarte literatura, argumentua apenas susmatu dezakegun idatzi gabeko fikzio baten parte bailiran. Ateratako milaka irudiak dira atmosfera oniriko baten jatorria, artistak errealitatea zirriborro gisa erabiltzen baitu bere ametsak irudikatzeko. Paisaiak, erretratuak, agertokiek asmatutako bidaien aroma mitikoa dute, eta fantasia zein errealitatea uztartzen dute, eta kasu honetan bezala, arrasto autobiografiko nabarmena dute.

Hasieran, autodidakta

Ekonomialaria ikasketez, Juan Manuel Castro Prieto 1977an hurbildu zen lehenengo aldiz argazkilaritzara, belaunaldi horretako egile gehientsuenen antzera, modu autodidaktan. 80ko hamarkada hasieran Madrilgo Argazkilaritzaren Errege Elkarteko kide egin zen eta bertan ezagutu zituen Gerardo Vielba, Gabriel Cuallado, Paco Gomez eta Juan Dolcet. 1990ean Cuscora (Peru) joan zen Juan Manuel Diaz Burgosekin batera, Martin Chambi maisu perutarraren jatorrizko kristalezko plaketatik abiatuta, horien positiboak egiteko. Castroren lanen hainbat erakusketa egin dira Estatu espainol zein frantsesean, Perun eta baita Tokion (Japonia). Iaz, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerio espainolak ematen duen Argazkilaritzako Sari Nazionala jaso zuen. Epaimahaiak honako hau nabarmendu zuen: «Castroren lanek memoriaren ezkutuko arrastoak arretaz aztertzen dituzten irudiak eraikitzea lortzen dute. Bere lanek eguneroko bizitzaren eta urruneko agertokien alderdi oniriko eta literarioak azpimarratzen dituzte, eta horretarako berezko unibertso original bat sortzen dute».