GARA
HERNANI

Covitek Hernaniko institutuko ikasleek deklaratzea nahi du

Gudari Egunean Hernaniko Agustin Iturriaga institutuan egin zuten ekitaldi baten aurka salaketa aurkeztu du Covitek Auzitegi Nazional espainolean. Bertan, irakasleek deklaratzea eskatzen dute, baita ekitaldian parte hartu zuten Ikasle Abertzaleetako 50 kideek ere.

Covite terrorismoaren biktimen elkarteak salaketa jarri du Hernaniko Agustin Iturriaga institutuaren kontra, Gudari Egunean omenaldi bat egiten uzteagatik, «terrorismoaren gorazarrea» egotzita.

Irailaren 27an, Ikasle Abertzaleek deituta, 50 ikaslek hartu zuten parte ekitaldian. Hori dela eta, irakasleak deklaratzera deitu dituzte, baita ikasleak ere. Azken hauek adingabeen fiskaltzara joatea eskatu dute.

Izan ere, Coviteren esanetan, ikasleak dira «delituaren egile materialak». Era berean, irakasleen erantzukizuna aztertzeko eskatzen dute Auzitegi Gorenari zuzendutako idazki batean, beren ustez, «delituaren bultzatzaile» direlako instalazioetan mota horretako ekitaldiak antolatzen uzteagatik.

«Adin nagusikoen onespenik gabe adingabeek omenaldi hori egin izana ezin da ulertu», esan zuen Covitek. Adin nagusiko horiek nortzuk izan ziren jakin ahal izateko irakasle zein ikasleen deklarazioak biltzea nahi dute. «Gazteak ETAren gorrotoaren diskurtsoaren biktima nagusiak dira eta erradikalizazioaren aurrean zaurgarrienak», eman zuten aditzera.

Azpeitiko kasua

Elkarteak esan zuenez, Azpeitiko institutu batean irailaren 30ean egin zuten beste ekitaldi baten aurka salaketa jartzeko asmoa ere badu. Kasu honetan, Coviteko kideek esan zuten ikasleen gurasoek «presioak» salatu izan dituztela euren seme-alabek «ETAko kideen aldeko manifestazioetan parte har dezaten». Hori dela eta, ikerketa hasteko salaketa jarriko dutela iragarri zuten joan den astean.

Bestalde, Hernaniko kasuak, Auzitegi Nazionalera iristeaz gain, Carlos Iturgaiz PPko eurodiputatuaren eskutik Europar Parlamentuan ere izan zuen oihartzuna. Honek «Europar Batasuneko ikasketa zentro publikoetan terrorista talde bateko kideen aldeko omenaldiak inpunitate osoz egin daitezkeelako» bere kezka azaldu zuen.