Martxelo DIAZ
IRUÑEA

Gobernu espainolak ukatu egin du Nafarroak gehiegi ordaintzen duela

Estatuari egiten dion ekarpena behar baino handiagoa dela salatu du Nafarroako Gobernuak. Madril, ordea, ez dator bat honekin, eta Iruñean aurkeztutako txostenak ez duela oinarri teknikorik erantzun du.

Gobernu espainolak dioenaren arabera, ez da egia Nafarroako Gobernuak dagokiona baino 100 eta 250 milioi euro bitartean gehiago ordaintzen duela urtean. Hain zuzen, hori salatu zuen astelehenean Nafarroako Ogasun sailburu Mikel Aranburuk, Estatuari egiten zaion ekarpena gaizki kalkulatuta dagoela agerian uzten duen txostena eskuetan zuela.

Ogasun Ministerio espainolak ez du, ordea, bat egiten Nafarroak egin duen salaketarekin. Izan ere, atzo kaleratu zuen ohar batean «iritzi publikoa nahastea» egotzi zion Uxue Barkosen Gobernuari.

Honekin batera, Aranburuk Iruñean aurkeztu zuen dokumentuaren berri ez dutela gaineratu zuen Madrilek. Halere, txostena ahalmen tekniko urrikoa dela gaineratu zuen.

Dena den, Madrilek Nafarroako hitzarmen ekonomikoarekin «konpromisoa eta leialtasuna» nabarmendu zuen eta negoziatzeko prest dagoela gaineratu zuen. Honen adibidetzat, Volkswagenen BEZaren gaineko akordioa aipatu zuen.

Negoziazio baten atarian

Bi administrazioek hitzarmen ekonomikoaren ekarpenari buruz duten desadostasuna ez da huskeria. Izan ere, bost urteko epeetarako negoziatzen da Nafarroak Estatu espainolari egin behar dion diru ekarpena eta dagoeneko berritua behar zuen. Volkswagenen BEZaren gaineko tirabirek, hauteskundeek eta Madrilen Gobernua jardunean izateak 2015-2019 bosturtekoaren nondik norakoak oraindik zehaztu gabe izatea ekarri du.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuaren asmoa eman beharreko negoziazio horretan Aranburuk aurkeztu zuen txostena erabiltzea da. Nafarroak ordaintzen duen ekarpena murriztea lortuko balu izugarrizko arrakasta izango litzateke Barkosen Gobernuarentzat.

Batetik, Foru Ogasunarentzat 100 eta 250 milioi euro bitartean gehiago lortzeak egun gauzatu ezin diren jendarte politikako neurriak martxan jartzea bermatuko luke. Diruz larri dabilela behin eta berriz adierazi dute.

Bestalde, UPNk azken urteotan egin duen kudeaketa alor honetan ere kaxkarra izan dela frogatuko luke, Madrilen aurrean men egin zutela erakutsiz.