Maitane ALDANONDO
DONOSTIA

Mikel Etxaburu: «Poesia gauzen taupada sekretua da»

Idazle ondarroarrak bere hirugarren poema bilduma «Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak» plazaratu berri du. Itxi gabe duen zauri batek eragindako bulkadatik abiatuta, egunerokotasuna ikusteko beharraz mintzo da, horretarako tresna poesia dela defendatuz.

Begiratzetik ikustera zubia kontzientzia dela dio Mikel Etxaburu idazle ondarroarrak, baita hura zeharkatzeko garaia badela ere. Horretarako bultzada izatea nahi du “Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak” kaleratu berri duen poema liburua. Iazko abenduan Blas Otero-Bilbo Uria Nazioarteko VIII. Poesia Lehiaketako sari nagusia jaso zuen bizkaitarrak euskarazko lanen kategorian; eta ondorioz, 50 olerki baino gehiagok osatutako bilduma elkarlanean argitaratu dute Erein argitaletxeak eta Bilboko Udalak.

Poemak ez ditu sariketarako propio idatzi, ondo itxi gabeko zauri baten beharragatik, baizik. «Barne bulkada bat izan da. Ondarroatik Bilbora etorri eta San Frantziskotik autobusean pasatzean ikusten nuenak nire gorputzean orbana utzi zuen eta gogo bizia nuen horretaz aritzeko», argitu zuen Etxaburuk liburuaren aurkezpenean. Oinazea, iragana, maitasuna… Momentu zehatzek eragindako zauriez idatzi du, gai anitzeko olerkiak sortuz. «Poema bakoitzak zauri baten lekua adierazten du, orban batena, eta poema liburu honetan badaude hainbat orbanen adierazle diren poemak», aitortu zuen.

Ondarroar den aldetik, idazteko abiapuntua beti jaioterria duela dio Etxaburuk. Olerki hauetan, ordea, Bilbo ere ageri da. Euskal Filologian doktorea eta Huhezi-n irakasle denez, Bilbon bizi da astean zehar eta aisialdia Bilbo Zaharra edota San Frantzisko inguruan ematen du. Horregatik, bi elementuok, Ondarroa eta Bilbo, lotu nahi izan ditu.

Poesia transformatzailea

Hasierako izenburua “Hiria zainetan” zuen poema sortak, liburu bilakatzean, ordea, olerkietako batena hartu du. Lerroetan gordeta, pertsonak, hiriak eta itxaropenak daude. Izan ere, hirian biltzen da begiratu bai, baina ikusten ez den horretako asko: kutxazain bulegoetan lo egiten duten etxegabeak, jonkiak, eskaleak... Itxaropenik ez dutenen erbesteak marraztu ditu olerkietan, nahiz eta esperantza apur batekin adierazi.

Errealitate horiek deskribatzearekin batera, hauekiko arreta ere piztu nahi du. Bereziki, egoera horietan daudenei egin ohi zaien ez ikusia nabarmendu nahi izan du Etxaburuk. «Egunerokoaz ari naiz, baita eguneroko horren aurrean gutako ia guztiok daukagun jarrera hipokritaz ere». Besteen azalean jartzea edo saiatzea, behintzat, ezinbestekoa dela uste du, nahiz eta sistemak bestela egitera bultzatu. «Konbentzituta nago begira nahi gaituztela, ez gaituztela nahi ikusten; ikusten duenak transformatzeko gaitasuna duelako», argitu zuen. Kontzientzia hartze horretan, artea eta bereziki poesia ikusteko tresna direla defendatu zuen: «Sinesten dut poesiak badaukala errealitatea eraldatzeko gaitasuna, transformatzeko mailua, zizela, arkatza edo orri zuria izan badela. Poesia gauzen taupada sekretua da. Lehenik sentitu egiten da, gero ulertu». Subertsibotzat jotzen du poesia eta ikuspuntu horretatik heltzen dio. «Denboraren kudeaketa propioa suposatzen du poesiak. Zurrunbilotik atera, zeure denboraz jabe egin eta zeure txokotik irakurtzea zer gertatzen den eta zer iritzi duzun horren inguruan. Kritikotasuna, kontzientzia».