GotzonARANBURU

EUSKARAZKO ZINEMAREN CANNES JAIALDIA... LEKEITIO DA

Donostiako Zinemaldiaren eta Canneseko Zinema Jaialdiaren glamourrik ez du izango, ez ditugu ikusiko herrian zehar ehunka kazetari eta gonbidatu paparrean akreditazioa dutela, baina Lekeitioko Euskal Zine Bilerak ez du horietako inoren inbidiarik.

Lekeitioko Euskal Zine Bilera 39. ediziora iritsi da eta euskarazko zinema erakusteko benetako eskaparatea hau da; hemendik pasatzen dira etorkizunean gure zinemaren protagonista izango diren zuzendari, aktore eta teknikariak. Aurten ere bai.

Asteari hasiera joan den larunbatean eman zitzaion, Amets Arzallus bertsolaria protagonista duen “Mugamina” dokumentalarekin, Zipre irlako zatiketari –eta exodoari, desagerpenei eta biktimei– begiratzen dion filmarekin. Hango musikari eta ahozko poesiari ere gertutik egin dio so Arzallusek, Donostia 2016ko Europa Transit Enbaxadak egitasmoaren barruan Xuban Intxaustik zuzendutako filmean.

Igandean Iratxe Mediavillaren “Argi” lana proiektatu zen. Jone Gomez neskatoa, Elorriokoa, du protagonista. Irekiera ekitaldiaren aurretik aurkitu genuen filmaren kartela sinatzen. Hain umetan pelikula bateko protagonista izanda, eskolako lagunek zer esaten dioten galdetuta, hau erantzun zigun: «Gustatu egin zaie. Baina batzuek negar ere egin dute».

Lehiaketan denera 32 lan ikusiko dira. Horietatik 11 profesionalak dira, eta 21, amateurrak. Euskal Zine Bilerak ez du beti lehiaketa izaera eduki. Eta ez da izan erabat euskaraz egindako zinemari eskainitako jaialdi bakarra, gaur egun hala den arren. 1977an Topaketak zine jaialdia abiatu zen Zestoan, eta bidelagun izan ziren hainbat urtez zinemaldi bizkaitarra eta gipuzkoarra, baina 1991n eten egin zen zestoarren ibilbidea. Ordudanik Lekeitio da euskarazko zinemaren Cannes.

Beste edozein zinema jaialditan bezala, Euskal Zine Bilerak hautaketa bat egiten du jasotzen dituen lanen artean. Aurten 50 film baino gehiago iritsi zaizkie, eta horietatik aipatutako 32 horiek onartu dituzte. Zuzendari amateurren artean daude, beste batzuen artean, Amaia Ruiz de Galarreta, Oier Gil, Alex Tello, Itziar Alonso, Oier Fuentes, Yolanda Mazkiaran, Ibon Goikoetxea eta Ane Cerrato. Eta lehiaketan parte hartuko duten profesionalak honako hauek dira: Miguel Angel Llamas, Natxo Leuza, Asier Mendoza, Koldo Garcia eta Maite Bidarte bikotea, Jon Urraza, Dragoi Produkzioak (bi film), Jorge Gil, Unai Guerra, Unai Hernandez eta Begoña Vicario. Lehiaketaz kanpo Asier Albio eta Markel Goikoetxearen lanak ikusi ahal izango dira.

Zer sari eman, ez da beti berdin izan Lekeition. Garai batean, lehiaketarik egon ere ez zegoen. Izan ere, bai Zestoan bai Lekeition hasierako helburua oso xumea zen, garaiari zegokiona. Joan den mendeko 70eko hamarkadan, euskararen eta euskal kulturaren aldeko mugimendua indartsu hasi zenean, zinemaren arloa alboratu antzean geratu zen. Ikus-entzunezko ekoizpen ia guztiak, denak ez esatearren, gaztelaniaz egiten ziren Hego Euskal Herrian, eta euskaraz aritzen zirenak amateur bakan batzuk baino ez ziren. Kontuan izan behar da orduan, gaur ez bezala, tresna profesionalak ez zeudela afizionatuen eskuetan. 8 milimetro, Super 8 eta 16 milimetroko zeluloidean filmatzen zuten, eta bost minutu eskaseko film bat osatzeko diru dezente gastatu beharra zegoen.

Egindako pelikulak erakusteko aukerak ere, urriak; herrietako zineforum haiek, besterik ez. Hutsune hori betetzeko sortu ziren aipatu bi jaialdiak, eta urtean zehar euskaraz egindako lan bakanak erakustea beste helbururik ez zutenez, lehiaketarik ez zegoen. Baina 1981ean aldaketa gertatu zen, Zilarrezko Antzara sariak ematen hasi baitziren lekeitiarrak, emaitzen onerako izango zela iritzita. Lau izan ziren hasierako hartako sariak, hain zuzen ere dokumental onenari, argumentudun film onenari, eta fotografia eta soinu onenei emandakoak. Parte hartzaile guztien artean material zinematografikoa banatzen zen, lanean segi zezaten bidea errazteko.

Sariak emango badira, epaimahaia osatu behar. Aurtengoan hiru gizonek –Asier Bilbao, Asier Hormaza eta Iñaki Billelabeitia– eta bi emakumek –Sara Cozar eta Tessa Andonegi– izango dute ardura hori. Denek ere ibilbide oparoa dute dagoeneko interpretazioan, ekoizpengintzan edo arte irakaskuntzan, eta horien ardura da bost sailetako saridunak izendatzea. Argazkia, gidoia, ekoizpena, zuzendaritza eta lan onena dira bost sail horiek, arlo bietan, amateurrena eta profesionalena. Lehenengoek 1.000 euro eta zilarrezko antzara jasoko dute, kategoria bakoitzean. Profesionalek, 1.600 euro eta zilarrezko antzara. Film amateur onenak 1.300 euro eta urrezko antzara eramango ditu, eta 1.900 eta urrezko antzara, pelikula profesional irabazleak.

Tessa Andonegik eta Asier Bilbaok irekiera ekitaldian parte hartu dute, eta Zine Bilerako antolatzaileei datorren urterako sari berri bat ezartzea proposatu diotela jakinarazi dute; hain zuzen ere, interpretazio onenarentzako saria, gaur egun ez baitago. Eta zer pentsatua ematen diola esan du Tessak Lekeitioko jaialdiko kategoria profesionalean parte hartzen duten zuzendari ia guztiak gizonezkoak izateak. «Amateur mailan, berriz, ia erdi bana banatuta daude gizonezkoak eta emakumezkoak. Zer gertatzen da hor? Afizio bezala bai, baina lanbide moduan ez?», galdetu du aktore donostiarrak, eta babes berezia eskatu die erakundeei emakumeei jauzi hori egiten lagundu diezaien. Ez du izango balio estatistikorik, baina igandean “Argi” filma ikustera etorri zirenen artean, hamarretik zortzi baino gehiago emakumeak ziren.

Beste bi sari ere banatuko dira datorren larunbateko itxiera ekitaldian: Gazte 22 saria (1993ko urtarrilaren 1aren ondoren jaiotakoentzakoa) eta Antzar Morea saria, genero ikuspegia ondoen txertatzen duen lanarentzako saria. Dena den, beharbada zinemagile gazteei bultzada emateko filosofia hobeto islatzen duen “saria” ez da sari bat, beka bat baizik, duela hiru urte abian jarritako Benito Ansola Beka, 3.000 euroz hornitua. Irabazleak 1.500 euro jasotzen ditu bere izena jakitera ematen denean, eta beste 1.500 filma aurkeztu ondoren.

Iaz Irati Cano donostiarrak eskuratu zuen, eta datorren ostegunean, hilak 20, ikusi ahal izango da Ikusgarri aretoan. Hamaika minutu irauten du “Leihoak” filma esperimentalak, eta hau dio sinopsiak: «Maiz, leihotik haratago begiratzen dut, haien bizimodua zein izango den imajinatuz. Eta pentsatzen dudan hori guztia egin den jakin nahiko nuke». Beka hau Euskaltzaleon Topaguneak antolatzen du, EHUren eta Bizkaiko Aldundiaren laguntzaz. Topaguneko kide Aritza Escandonek esan duenez, hiru urteotan 30 lan baino gehiago jaso dituzte, eta aurkeztutakoen adina 26 urtekoa da batez beste.

Ikusgarri aretoa aipatu dugu, eta esan behar da azken urteetan duela egoitza Zine Bilerak areto honetan. Aurreneko 21 edizioak Antzoki zineman egin ziren. Ikusgarri urte osoan erabiltzen dute lekeitiarrek zinemarekin zerikusia duten ekintzetarako; hala nola hitzaldiak egiteko, zinemari buruzko liburuen eta zinemagintzako tresnei buruzko material etnografikoaren eta hainbat herrialdetako pelikula-kartelen erakusketak antolatzeko eta beste lurralde batzuetako –Katalunia, Galizia, Murtzia– zinemagileekin topaketak izateko.

Lekeitioko zinemaldiak etengabeko garapena bizi du, eta gero eta aberatsagoa izaten saiatzen da, izateko arrazoi nagusiari trinko eutsiz, jakina. Antolaketa taldeko Joseba Zuberogoitiak azaldu digu, metafora bidez, zein den aipatutako arrazoia: «Aurtengo kartelak erakusten duen moduan, kakoa edo amua izan nahi dugu, euskarazko zinean ari direnak Lekeitiora ekartzeko, baita ikusleak ere zine aretora».

Aberaste horretan iaz ekimen berri bat sortu zuen, Euskal Zinearen Begirada izenekoa, euskal zinemagintzako sortzaileak omentzeko helburuarekin. Hilberria zen Aitor Mazo aktorea izan zuten gogoan iaz lekeitiarrek, eta aurten Kontxu Odriozola zenak jasoko du omenaldia, datorren ostiralean, hilak 21, “Urte berri on, amona!” filma emanez eta Telmo Esnal zuzendariarekin solasaldia eginez.

Generoaren gaiak gero eta oihartzun handiagoa du Euskal Herriko gizarte eta kultur ekimenetan. Aipatu dugu Antzar Morea saria, eta honi datorren zapatuan Barandiaran aretoan egingo den mahai-ingurua gehitu behar. “Emakumeak euskal ikus-entzunezkoetan: Hezkuntzatik lan mundura” du izena eta (H)emen (H)ere plataformak antolatua da, euskal ikus-entzunezkoetan emakumeen ikusgarritasuna bultzatzeko plataforma. Salaketa oso argia da; alegia, ikus-entzunezko eskoletako ikasleen erdiak emakumeak diren arren, lan munduan ez dela proportzio hori mantentzen.