GARA
MUNGIA

Miren Amurizak eskuan du finalaurrekoetarako txartela

Miren Amurizak eskuan du Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetarako txartela. Bertsolari berriztarra nagusitu zen joan den larunbatean Mungian jokatutako saioan. Asteburu honetan beste bi saio izango dira, larunbatean Sestaon eta igandean Igorren. Atzetik Leioa eta Zaldibarreko norgehiagokak etorriko dira, finalaurrekoetan sartu aurretik.

Mungiako Olalde aretoan 260 bertsozale elkartu ziren Bizkaiko Txapelketako udagoieneko faseko aurreneko saioa entzutera. 531 puntu eskuratuta Miren Amuriza gailendu zen horretan eta, horrenbestez, Larrabetzuko finalaurrekoan kantatuko du abenduaren 3an. Gainerako bertsolariak puntuazioen zain geratu beharko dute.

Horrela geratu zen Mungian puntuazioa: Aitor Bizkarra izan zen bigarren (474,4 puntu) eta Imanol Uriarentzat izan zen hirugarren postua (446). Atzetik sailkatu ziren Garikoitz Sarriugarte (440), Aissa Intxausti (422,5) eta Mikel Retolaza (414,5).

Gai jartze lanetan Amaia Ugalde aritu zen eta epaimahaikideak Alaitz Etxanobe, Ander Txakartegi, Iñaki Aurrekoetxea, Jon Jaio, Leire Etxebarria eta Miriam Juaristi izan ziren.

Datozenak

Asteburu honetan bi saio jokatuko dira, larunbatean Sestaon eta igandean Igorren; biak 17.30ean. Urriaren 22an Sestaoko Musika Eskolako aretoan da hitzordua. Arrate Illaro, Asier Galarza, Eneko Abasolo “Abarkas”, Inazio Vidal, Josu Landeta eta Peru Vidal arituko dira nor baino nor. Hurrengo egunean, Igorren, Arkaitz Zipritia, Beñat Ugartetxea, Iñaki Iturriotz, Julen Erezuma, Malen Amenabar eta Paule Ixiar igoko dira agertoki gainera.

Aipatu bezala, udagoieneko fasea hasia da iragan asteburutik eta Sestaoko eta Igorreko saioen atzetik Leioa eta Zaldibarreko norgehiagokak etorriko dira. Horietan jardundako 18 bertsolari onenek aurrera egingo dute Bizkaiko Txapelketan, finalaurreko fasean azaroaren 19tik aurrera. Horiek guztiek abenduaren 17an Bilboko Miribillan jokatuko den finala izango dute jomuga. Zortzi bertsolarik beteko dute ametsa.

Sarrerei dagokienez, batetik, www.bertsosarrerak.eus-en eskura daitezke. Dagoeneko salgai daude kanporaketetako sarrerak, eta asteak aurrera egin ahala finalaurrekoetakoak ere bai.

Bonua ere eskuragai dago. Kanporaketa faserako eta finalaurrekoetarako balio duen sarrera orokorra (finala salbu) www.bertsosarrerak.eus atarian bakarrik eros daiteke.

Bestetik, saioaren egunean bertan txarteldegian eskuratu ahal izango dira sarrerak. Txarteldegiak 16.00etan zabalduko dira.