Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Eztabaida

AEBetan bizi naizenetik behin bakarrik ikusi dut zuzenean telebistaz herrialdeko presidentetzarako bi hautagaien arteko azken eztabaida. Barack Obama lehen aldiz kargurako aurkeztu zenean izan zen hori, eta aitortu behar dut interes propioak baino garai hartan hartzen ari nintzen erretorika klase batek bultzatuta egin nuela. Prestakuntza profesionalagatik izango da, kontua da kosta egiten zaidala politikaririk serio hartzea esandako hitz bakoitza, gorputz mugimendurik txikiena, xehe-xehe aztertzeko joera baitut automatikoki. Esadazu zein den entzulea eta azalduko dizut zein izango den mezua. Horregatik asteazken gaua ez nuen telebistari itsatsita igaro.

Janice Harringtonek eskainitako poesia irakurraldira joan nintzen. Lehen Mundu Gerran afroamerikarrez osaturiko 369. infanteria-erregimentuan (Harlem Hellfighters bezala ezaguna) parte izan zen Horace H. Pippin artistaren bizitza eta obrak oinarri dituzte Harringtonen azken bildumako poemek eta haietako batzuk irakurri zituen gau hartan, Pippinen garaiko jazz melodiek (azken horiek jazz talde gazte baten eskutik iritsi zitzaizkigun) eta artistaren beraren zenbait margoren proiekzioak lagunduta. Milaka ikus-entzuleen aurrean bi hautagai zuriak elkarri mokoka ari ziren bitartean, Pippinen bizi-esperientzia gogorrari tiraka Harringtonen poemek historia alternatibo bat aurkeztu ziguten non protagonistak ez ziren betiko garaileak, azken horien garaipenengatik sakrifikatutakoak baizik.