GARA
DONOSTIA

Hernaniarrek ere erabaki nahi dutela esan dute ozen

Hernanin 2017an egingo dute herri honen etorkizunaren gaineko galdeketa, eta, bide horretan sinadura kanpaina abiatu dute. Hori babesteko, talde-argazkia egin zuten atzo ehunka lagunek. Gaur ekitaldiak izango dira Bizkaiko bi herritan, Diman eta Gatikan.

Gure Esku Dago-ren eskutik, erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimenak gehitzen ari dira eta astebururo herri sorta bateko auzokideek eskubide horren aldeko adierazpen publikoa egiten dute. Halaxe gertatu zen atzo Hernanin, non ehunka lagunek talde-argazki ikusgarria egin zuten. Izan ere, bertan 2017an galdeketa egiteko sinadura bilketa kanpaina martxan jarri berri da, eta ekimen hori bultzatzeko xedez hitzordua jarri zuten apeaderoan.

Getxon, aldiz, bilera egin zuten atzo goizean bertako hainbat eragile eta gonbidatu bereziekin, hemen ere galdeketa egin ala ez erabakitzeko.

Gaur, bilkura egingo dute Diman azken hamarkadetako zinegotzi eta alkateek. Hilabete falta da Arratiako herri horretan galdeketa egiteko, eta ekitaldian hizlari batek 1936. urtean Dimako Udalak egindako aldarrikapena egingo du eta beste batek gaur egungo GEDren manifestua irakurriko du. Bestetik, Gatikan, herriko plazan, Uribe-Butroe eskualde osoko galdeketak gidatuko dituen Batzorde Sustatzailearen aurkezpena eta galdeketarako prozesuaren hasieraren iragarpena egingo dute.

Mozioa Arrankudiagan

Ostiralean, Arrankudiagako Udalak aparteko osoko bilkura egin zuen Ados plataformak aurkeztutako mozio bat aztertzeko. Plataforma horrek sustatu zuen orain dela bi urte egin zuten herri galdeketa. Mozioa aho batez onartu zen, alkatearen eta EH Bilbuko hiru zinegotzien eta EAJko hiru zinegotzien aldeko botoarekin.

Mozioan, besteak beste, galdeketak «Arrankudiaga-Zolloren historian, eta, ondorioz, Euskal Herri osoarentzat duen garrantzi historikoa» aitortzen da, eta Bizkaiko herria eta Etxarri Aranatz senidetzeko prozesu bat hastea proposatzen da.