Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Beste bat bilatu beharko dute

Etorriko dira Froilan De Todos Los Santos, Iñigo, Markel, Mariano eta kultura diputaturen bat. Hurbilduko dira ministroak, Confebaskeko burua eta “DV”-ko administrazio kontseiluko lehendakaria. Datozela, “Washington Post”, “La Razon”, “China Daily” eta “Al Jazzera”. Ekar ditzatela laudorioak tonaka, kilo bat angula eta kultura hitza kopetan tatuatua. Oheratu daitezela gihar-minak jota esku gehiegi estutzeagatik, ezpainak zartatuta musu kopuruaren eraginez, uzkia estu eta hesteak lepo. Gogoangarria izango da.

Epaimahaikideek abestuko dute lau ahotsetara, jende ospetsua; zientzialariak, ikertzaileak, masterdun jende jantzia, eta une gorenean malkoa isuriko dute, tamaina berekoa, batzuk zuriak, besteek gorriak eta besteek berdeak. Zoragarria. Hainbeste bizkartzain izango da bertan, komunetan kilometrotako ilarak izango direla (larrutan egiteko, sudurrak gozatzeko, oka egiteko...). Motoan banatu beharko dituzte kanapeak. Sari banaketetako Txapeldunen ligako finala izango da. Kolosala.

Bai, superlatibo berriak asmatu beharko dituzte kazetariek; “sisnestezinanimalekoa”, “mundialgarriezohikoa”... Baina, hala ere, ezetz esango diet, ez naiz agertuko. Kuiatoa jasoko dute. Argi adierazi nahi dut, ez dezaten suediar akademiakoek ezusterik hartu, Boben ordezkoren bat bilatzen ari direlakoan, Morauk ere muzin egingo dio Nobel sariari. Jakinaren gainean daude. Beste bat bilatu beharko dute.