GARA
GASTEIZ

Michelin eta Ferroser-eko langileak, istripuz hildako lankidearengatik protestan

Herenegun Gasteizko Michelinen lanean ari zela jasandako istripuan hil zen gizonaren lankideek 24 orduko lanuztea egin zuten atzo. Formakuntzarik gabe, hainbat lan egitera behartzen dituztela salatu zuten.

Jorge Romero zuen izena, 39 zituen eta bost bat tonako pieza batek azpian harrapatuta hil zen herenegun Gasteizko Michelinen. Lan istripu hilgarri berria (bigarrena hiru hilabeteetan) eta lan baldintzak salatzeko, Ferroser azpikontratako enpresa batzordeak eta baita Michelinekoak ere, 24 orduko lanuztera deitu zuten. Horrekin batera, 250 bat lagunek elkarretaratzea egin zuten goizean lantoki atarian eta, arratsaldean, beste bat SEA Arabako Enpresarien Elkartearen aurrean.

Lankidearen senideei doluminak adierazita, Enrique Garoña Ferroserreko enpresa batzordeko buruak gogor salatu zuen enpresak langileekiko daraman politika. «Jorgek zortzi hilabete zeraman gurekin. Lan zama handia zela-eta, bera eta beste behargin bat inoiz lan egin ez zuten beste sekzio batera eraman zituzten, horretarako formakuntzarik ez zuten arren. Beste lankidea txiripaz libratu zen», esan zuen beren haserrea ezkutatu ezinik.