GARA
BILBO

Industriara zuzendutako Gauzen Interneteko lehen plataforma sortu dute

Sarenet, Irontec eta Biotermiak-ek indarrak batu dituzte industriara zuzendutako Gauzen Interneteko lehendabiziko plataforma sortzeko. Balio erantsia eskaintzen dute, erraz, azkar eta prezio lehiakorretan.

Beren sektorean punta-puntan dabiltzan hiru enpresak (Sarenet, Irontec eta Biotermiak) elkarlanean sortu dute industriara bideratuta dagoen Gauzen Internet-en (Internet of Things, IoT) aurreneko plataforma. %100ean Euskal Herrian egin dute proiektua, enpresa txiki eta ertainei begira. Azaldu dutenez, “Industria 4.0” estrategiaren baitan, bezeroen negozioaren ustiapenari eta ekoizpen prozesuei balio erantsia ematen diote, era erraz eta azkarrean eta prezio lehiakorretan.

Proposamen oso bat egiten dute, hasierako aholkularitza teknikotik euskarrira eta geroko mantentze-laneraino. «Arrakasta bermatzeko elementu guztiak hartzen ditu kontuan: Gauzen Interneten plataforma, komunikazioak, eta ekipamendua.

IoT plataformak sistema bat du jakinarazpenetarako eta ohiz kanpoko gertaerak kudeatzeko. Balio onargarrien tarte bat ezar daiteke, baita datu gurutzatuak ere, instalazioen artean erlazioa dutenak. Gainera, balioak grafikoetan ikusteko aukera ematen du.

«Industriak industriarentzat sortutako plataforma da, lau oinarri dituena: erabilerraza da, nahi den adina zabal daiteke, kanpoko sistemekin integra daiteke eta moldaerraza da», esplikatu dute sortzaileek.

Interfazeen diseinuan arreta berezia jarri dute, erabiltzailearentzat errazak eta erabilgarriak izateko helburuarekin. Datuak ustiatzeko panel bat ere diseinatu dute, instalazioen ezagutza aurreratua errazteko.

Bezeroek instalazio eta dispositibo ugari dituzte. Horiek datu pila bat bidaltzen dituzte. Horregatik eman diote garrantzia sistema behar den adina zabaltzeko aukera emateari, eta datu-base zentralizatu bat sortzeari, etorkizunean ekipo berrien zabaltze automatizatua egiteko, datuen segurtasuna eta konfidentzialtasuna zainduz.