Amalur ARTOLA
DONOSTIA

«Larreko eskola», akademietan txertatzeko Tapiaren apunteak

«Larreko musika» da Joseba Tapiarena. «Herri musika, garajekoa, mandiokoa...», musika eskoletatik at ikasten den hori, finean. Egun arlo akademikoan dabiltzan irakasleek dituzten kezkez jabetuta, bere esperientzia, gomendio eta hausnarketak bildu ditu argitalpen batean.

Argi utzi du hasieratik: hau ez da metodologia bat. Musikari zein musika irakasle gisa eman dituen urteetan pilatutako esperientzia, bizipen pertsonal eta hausnarketetatik abiatutako «apunteak» dira, Tirikitrauki-ren eskariz, “Larreko eskolatik. Trikitixarekin gozatzeko apunteak” liburuan bildu dituenak.

Musika eskoletako «irakasle askok» dituzten arazo eta kezkei erantzuna emateko saio bat ere bada. «Asko kexu dira, ikasleek ez dutela ikasten, ez dutela motibaziorik... eta horrek frustrazioa sortzen du irakasle zein ikasleengan», azaldu du, eta horren aurrean musikak ezeren aurretik «gozatzeko» izan behar duela aldarrikatu du trikitilari lasartearrak. «Musika ez dago bakarrik musika eskolan. Dago etxean, herrian, kalean... lehen agian gauza gutxiago zegoen, telebista gutxiago adibidez, eta musika gehiago. Erromeriek, esterako, sekulako arrakasta izaten zuten. Egun, badirudi musika eskoletan bakarrik ikasten dela», nabarmendu du. Bere kasuan, musika ikasten zazpi urterekin hasi zela eta berarekin hasitako «ehundik gora ikasleen» artetik musika munduan oso gutxi ibili direla azpimarratu du. «Nik banuen beste giro bat etxean. Musikari profesional ni bakarrik banaiz ere, etxean Beatles-en bertsioak egiten genituen, hiru ahotsetan abesten genuen...», nabarmendu du, eta haurrak musika eskolara eraman beharrean musikan hezi behar direla aldarrikatu du.

Liburuaren aurkezpenean bere ondoan izan da Maite Arroitajauregi Mursego. Musikari izateaz gainera, musika irakasle langintzan hamabost urte daramatza eibartarrak eta, ikasle gisa, eskoletan gozatu baino sufritu egin zuela ziurtatu du: «Musika gozatzeko da. Nik kontserbatorioan ez nuen gozatu, nire hatzak sardina hilaren pareko zirela ere esan zidan behin irakasle errusiar batek... musikan jarraitu banuen asko maite dudalako da. Musika ikasten duen haur batek hasi behar du gozamenetik eta jolasetik».

Era berean, sei-zazpi urterekin musika eskolan hasi eta solfeoa irakasten hastea «aberrazioa» da, bere iritziz: «Hori kode bat besterik ez da. Hitz egiten ikastearekin aldera daiteke: lehendabizi tonuetan fijatzen gara, errieta egiten digutenean badakigu errietan ari zaizkigula; gero fonemak errepikatzen ditugu, esaldiak ostean, eta soilik hitz egiten dakigunean irakasten digute irakurtzen. Zelan hasiko gara musikarekin lanean, ulertzen ez badugu?».

Bi musikarien iritziz, musika eskoletatik interpreteak, musika interpretatzen dakiten pertsonak, ateratzen dira egun, baina musikaria musikari beste zerbaitek egiten du. «Gure pasioak ere transmititu behar dizkiegu, oso hotza da partiturekin bakarrik irakasten den musika», nabarmendu du Tapiak.

Argitalpenak disko bat ere badakar, zeinean Tapiak bere ikasleekin landu dituen zenbait pieza –fandangoak, arin-arinak eta kalejirak– biltzen dituen. Azkenik, irakasleentzat ez ezik, ikasle eta gurasoentzat ere argitalpen interesgarria dela argudiatu du Mursegok, «garrantzitsuak diren klabe asko baitakartza».