Jon GARMENDIA
Idazlea

Euri egunak

Zerutik erortzen den gauza bakarra euria da, eta lurreko fruituak biltzeko lurrera behatu behar da, ez beste nehora, zingira bilakatu diren sasi, larre eta errepideak bazter utzi, eta emaitzen xerka, oinak nahiz eskuak lokatzetan zikindu. Halatsu ikusi ditut Azkaineko atxiloketak, bata Mikel Irastorza, euskaltzale eta kultur zalea, zeinak sorterria utzi zuen hamarkadak iraun dituen gatazka armatuaren konponbidean eragiteko, biga Xabier eta Denise, zeinak seme-alabak hazi ondoan, eroso bizitzeko aukera galtzeko prest dauden maite duten herriari erosotasuna eskaintzeko; norbere zilborretik harago mundu berri bat baitago. Bigarren milurtekoa aitzin, Frantziako M6 telebista katean bazen esaldi bat: «Le mardi c’est permis» asteartean haizu da; baimendua; asteazkenetan ez zen eskolarik, beraz, berant arte ikus zezaketen telebista haur zein gazteek. Esaldi hori baliatzen zen ironiaz Euskal Herriko ipar-ekialdeko lurrotan, atxiloketa gehienak asteartetan zirela ohartuta, asteko egunik beldurgarriena bilakatu baitzen oinak eta eskuak lokatzetan zituztenentzat. Orain, azken atxiloketak euri egunetan izan direla ohartu naiz, metafora bailitzan atxiloketekin batera konponbidearen itxaropena itotzea. Hargatik oroitu dut Yacine Belahcene musikari lagunak maiz darabilen esaldia, hau da, itotzen ari denari euriak ez diola axola. Beharrik euripean kantatzen eta dantzatzen dakigula.