Andoni ARABAOLAZA
YOSEMITE

Marek Raganowiczek A5 historiko bat bakarka igo berri du

Pasa den urrian, muturreko eskalada artifizialeko espezialista poloniarrak «Plastic Surgery Disaster» bidearen lehen errepikapena sinatu zuen. Duela 25 urte Erik Kohl estatubatuarrak zabaldutako marra da.

Hurrengo lerrootako berria gaur egun irakurtzea ez da batere ohikoa; batez ere, eskaladaren bilakaerari begiratzen badiogu. Kontua da Marek Raganowicz poloniarrak Kapitaineko (Yosemite) “Plastic Surgery Disaster” bidearen (A5) lehen errepikapena egin duela. Eskaladaren joera ikusita, normalena izango litzateke irakurtzea hormatzar enblematiko horretan dagoen marra hori askatu (hots, era askean igo) dutela. Baina, badirudi hori gertatzeko oraindik denbora luzea igaro beharko dela.

Bitartean, urriaren 5etik 20ra, duela 25 urte Erik Kohl estatubatuarrak zabaldutako bide horretan poloniarrak bakarka jardun zuen. Eta, aurreratu dugun bezala, eskalada borobiltzea erdietsi zuen. Azpimarratzeko moduko eskalada izan da, batez ere kontuan hartzen badugu Kohl izan zela marra hori sortu zuena. Yosemiteko eskalatzaile historiko baten aurrean gaude, 80ko eta 90eko hamarkadetan goi mailako zein muturreko proposamenak egin zituena. Horietako bat “Plastic Surgery Disaster”; zailtasunari dagokionez, oso zorrotza dena. Eta horri guztiari estatubatuarrak indarrean jartzen zuen estiloa eta etika gehitu behar diogu.

Akats batzuk

Poloniarrak (Regan deitzen diote) bakarka igo berri duen bideak honako “edukiak” aurkezten ditu: bi A5, sei A4/4+, bi A3/3+ eta beste hiru luze errazagoak. Luze zailenen inguruan, protagonistak zera dio: «Lehen A5 luzea gakoekin egiten den sekuentzia luzea da, eta erlaitz baten kontrako balizko eroriko arriskutsua du. Luze hau behin hasita, ez dago ia itzultzeko modurik. Bigarrenak, berriz, ‘Suicidal Failure’ du izena. Gakoak eta friendak ondo jartzen gaitasuna behar da izan. Eta luze honetan ere balizko erorikoa oso-oso arriskutsua da. A4 eta A3 batzuk oso teknikoak dira, baina A5 graduko luzeak baino askoz ere arrisku gutxiagokoak».

Reganek onartu du igoera horretan hainbat akats egin zituela: «Ez ditut ahaztuko. Edan eta jan gutxi egin nuen, eta horregatik oso ahul nengoen. Eta, gainera, beharrezko gakoak ez nituen eraman; horregatik 8. luzean (A4) erorikoa izan nuen».

Hori guztia gutxi ez eta, Marekek ekaitz gogor bat jasan behar izan zuen: «Aterpe modura, sabai bat aukeratu nuen, baina ez ninduen batere babestu. Oro har, bide bikaina da. Jakina, ‘Suicidal Failure’ bezalako luze bat eskalatzea ez dut aholkatzen. Baina, bidearen edertasuna eta izaera naturala azpimarratu nahi ditut».