Surflari ernegatua

Trumpetan

Europako Surfrider fundazioak, Mendebaldeko kostako Surf Elkarteak, Irish Surfing Association-ek, Irlandako ingurumenaren lagunen elkarteak, Irlandako lurraren lagunek eta Irlandako itsas txakurren santutegiko lagunek bat egin dute AEBetako presidente berriak Irlanda mendebaldean eraiki nahi duen murru bati aurre egin eta munduko gizon boteretsuenetako baten nahien aurrean babesteko, Save the Waves Coalition sortu dute.

Donald Trump, antza, tranpetan aritu da. Dakizuen bezala, «trump», ingelesez, (gutxi gorabehera) «tramp» ahoskatzen da, horra izenburuaren zergatia. Tira, harira, Trump International Golf Links (TIGL) mundu osoan hedatua dagoen hotel kate bat da. Trump, golfzale aberatsei zuzentzen zaie eta ametsetako egonaldia eskaintzen die pilotatxo bati kolpeka basamortu berdeetan barrena atzera eta aurrera ibil daitezen. Haien nahiak eta lasaitasuna asebetetzeko ordea, inguruaz isolatuko dituen zerbait eraikitzea ezinbestekoa da. Nahi horri erantzun asmoz hasi zuen Trumpek haizeari ateak itxiko dizkion horma baten proiektua.

Clare konderrian dagoen Doughmore hondartzan eraiki nahi du Trumpek ia hiru kilometroko luzera eta bost metroko garaiera izango lukeen harresia. 200.000 tona arroka jalkiko lirateke duna eta harea mehez osatutako ingurune sentsible batean. Itsasgoran surf egiteko urautsi bikainak eskaintzen dituen kostaldea ere bada Doughmore, eta horregatik, beraien olatu kuttunengan proiektuak izan dezakeen eragin kaltegarriaren beldur, bertako surflariak dira oraintxe bertan Trumpek Irlandan dituen etsairik sutsuenak.

2014an izan ziren neguko ekaitzen ostean hasi zen Trump horma erraldoia eraikitzen, inongo baimenik gabe, eta orduko hartan lekuko agintariak oldartu zitzaizkion. Horren ostean baimenak eskatzen hastea beste erremediorik ez zuen izan handi-mandi musugorriak eta ordutik borroka zelaia paper gainean da. Datorren abenduan emango da afera honen inguruko azken erabakia eta emaitza Trumpen aldekoa izan daitekeelakoan proiektu suntsitzailearen kontrako aldarriak bikoiztu egin dira.

Trumpen enegarren murrua eraikitzeak bertako biztanleengan eta ingurumenean zer-nolako eragina izango lukeen eta berau egiteko gauzak nola egin dituen irakurtzen hasita, antzeko beste zenbait kasu datozkit burura, antzekotasunak ikusten ditut, eta oraingo honetan ere Trump berearekin aterako delakoan nago. “Prestige” ontzia hondoratu ostean Rajoyk Galiziako hauteskundeak irabazi zituenekoa, kargu publikoa interes pertsonaletarako erabiltzen duten arren behin eta berriz bozkatzen dituzten hautetsiak, eta antzeko nahi adina adibide jar daitezke. Jendeak ez du nahi erantzukizunik, ez ditu bere botoak dituen ondorioak bere egin nahi, horregatik bozkatzen dute bozkatzen dutena, horregatik egiten dute tranpa inor ez dutela bozkatu esaten dutenean, erroldak ez baitu gezurrik esaten. Trumpek argi eta garbi esan zuen pasa den astean amaitu zen hauteskunde kanpainaren erdi-erdian zenean: «New Yorkeko Bosgarren etorbidean jendeari tiroka has ninteke eta ez nuke botorik galduko».