GARA
ZARAUTZ

Zarahitz abian da, udaberriko galdeketari begira egitekoak eta lantaldeak zehaztuta

Dozenaka eta dozenaka zarauztar elkartu ziren atzo Zarahitz herri ekimenak Aritzbatalde kiroldegian deitutako lehen topagune irekira. Eskualdeko beste hainbat lagunekin batera azpeitiarren lekukoa jaso ondoren, 2017ko udaberrian Zarautzen Euskal Herriaren estatus politikoaren gaineko herri galdeketa antolatzea da Zarahitzen asmoa.

Goizane Arana eta Mitxel Gorrotxategi aurkezleek nabarmendu zutenez, hiru fase aurreikusten dituzte kontsulta egin artean: lehen etapan, “Badator olatua” deitu dutenean, galdeketa egiteko sinadurak lortu behar dira; bigarrena, “Zu zara olatua”, martxotik maiatzera bitartean izango dena, kontsulta antolatzeko eta giroa berotzeko ekitaldien fasea izango da; eta hirugarrena, galdeketa eta honen gaineko guztia bideratzekoa: herritarrek bozkatu dezaten kanpaina egin, begiraleak lortu, eta erabakitzeko eskubidearen aldeko jai-eguna izan dadin lan guztia egin.

Ondotik, egingo den galderari buruzko eztabaida irekia proposatu zen. Kiroldegian elkartutako guztiek bozkatu ahal izan zuten, eta hau izan zen emaitza: “Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritar izan?” galdera gailendu zen (59 boto), “Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?” itaunaren aurrean (17 boto).

Azkenik, Zarahitzen antolaketa azaldu zuten. Talde eragilea izango da ardatza, baina beste hainbat talde ere ari dira edo ariko dira lanean.