GARA
SORALUZE

70 urtetik gorako presoen aldeko adierazpena sinatu dute Soraluzen

Herrikoak diren Eloi Uriarte Diaz de Gereño eta Sebas Etxaniz Alkortaren aldeko adierazpena sinatu dute, kartzelan edo ihesean dauden bitartean ez direla euren eskubideak errespetatzen iritzita. Preso gaixoek ere aske behar dutela nabarmendu dute sinatzaileek.

Soraluzen, EAJ, PSE, EA, ezker abertzalearen plataformetako eta EH Bilduko zinegotzi edo alkate izan diren 44 herritarrek agerraldia egin zuten atzo Soraluzen. «Erantzukizunagatik eta arrazoi humanitarioengatik besterik ez bada ere», 70 urtetik gora edo gaixotasun larriak dituzten preso eta erbesteratutako pertsonen giza eskubideak errespeta daitezela eskatzeko adierazpen bat sinatu zuten.

Lau arrazoi eman zituzten: Pertsonen duintasuna errespetatzeko eskaera egitea, zigor jasangaitzen aurkako jarrera erakustea, legezkotasuna zorrotz aplikatzeko beharra eta espetxetik ateratzeko aukera ukatzeak zigorraren birgizarteratzeko printzipioa urratzen duelako.

Sinatzaileek uste dute printzipio horrek garrantzi handia duela euskal gizartean bakea eta bizikidetza eraikitzeko ahaleginean. «Inolako zalantzarik gabe, eta ikuspegi politikotik, bakea egonkortzen laguntzen duelako eta premiarik gabeko sufrimendua saihesten duelako, horrek ez baitu gizarte berrirako bidea zaildu besterik egiten», adierazi zuten. Ikuspegi juridikotik ere, ez dute preso horiek gizartearentzat arriskutsuak direla sinesteko arrazoirik ikusten, eta horregatik eskatzen dute gaixo larriak edo 70 urtetik gorako presoak askatzea.

Bizilagunak

Soraluzen sinatu berri duten agiria 2016ko martxoan Donostiako, Iruñeko, Gasteizko eta Errenteriako alkateek sinatu zuten bera da. Kasu honetan, bizilagun dituzten Eloi Uriarte Diaz de Gereño eta Sebas Etxaniz Alkortaren alde egiten dute.

Eloi Uriarte Diaz de Gereñok 74 urte ditu. Biarritzen bizi da eta 42 urte daramatza etxera bueltatu ezinik, iheslaria baita. Sebas Etxaniz Alkortak, ordea, 73 urte ditu. Jaiotzez elgoibartarra da, baina Soraluzera ezkondu zen. Preso dago Asturiaseko Villabona kartzelan, eta legearen arabera, dagoeneko, baldintzapeko askatasunean egon behar luke.