Jon LEUNDA

ABIAN DIRA BERRIRO ERE HARRI-ZULATZAILEEN BAKARKAKO APUSTUAK

Harri-zulatzaileen apustuak badatoz. Taldeka jokatu zen azkenekoa, eta ordutik pasatu dira urte batzuk. Orain bakarka neurtuko dira Iker Murueta eta Asier Zubiaga. Etzi eguerdian Arratzuko pilotalekuan izango dira. Ordu erdi izango dute lanerako, 2.000 euro zeinek jaso.

Arratzuko pilotalekuan neurtuko dira etzi, 13.00etan, Iker Murueta eta Asier Zubiaga. Harri-zulatzaile bakoitzak ordu erdi izango du lanerako, eta zulorik gehien egiten dituenak lortuko du garaipena. Hori bai, ordu laurden betetakoan, harriak trukatuko dituzte. Alde bakoitzak 1.000 euro jokatuko ditu dirutan.

Asier Zubiaga arratzuarra izan zen desafioa bota zuen kirolaria eta berak azaldu digu horren zergatia: «Euskal Herriko Buruz Burukoan, kanporaketan gutxigatik irabazi nion, baina gero finalean berak irabazi egin zidan eta tarte txikiarekin. Errebantxa nahi nuen, eta apustu bat jokatzea ona zela iruditu zitzaidan. Harri-zulatzea indartu nahi dugu, eta garbi dago apustuek beste zerbait dutela, beste giro bat egiten dela hor, eta hori nahi nuen probatu».

Iker Muruetak ez zuen zalantzarik izan desafioa hartzerakoan. «Aurten dena irabazi dut bai banaka, bai binaka eta taldeka ere bai. Probatu nahi nuen apustu bat jokatzea zer den, eta desafioa bota zuenean aurre egitea erabaki nuen. Denboraldia luze ari da egiten, otsailean hasi ginen entrenatzen, baina gogoz nago neurketa jokatzeko», dio Ereñokoak.

«Apustuek txapelketekin zerikusirik ez dutela esaten dute horretan aritu direnak, eta orain nik ere hori baieztatzen dut. Hemen beste konpromiso bat dagoela iruditzen zait. Tartean dirua ere badago, eta ingurukoek ere gehiago bizi dute», erantsi du.

Esaten dutenez, kirol honek orain dela mende bat indar handia omen zuen, baina urte askoan galduta egon ostean, orain dela hogei urte inguru berreskuratu zen, baina buruz buru orain arte era modernoan ez da inoiz apusturik jokatu. 

«Uste dut garrantzitsua izango dela apustu hau jokatzea. Hemen, Ereño inguruan, giro handia dago, eta jende asko joango da ikustera», dio Iker Muruetak. «Jende askori entzuten zaio apustua ikusi behar duela, giro oso ona dago Arratzun ere», erantsi du Asier Zubiaga zulatzaileak.

Biek apustu gogorra aurreikusten dute, ez dute bien artean alde handiegirik izango denik uste, baina biek garbi dute buruko lana oso garrantzitsua izango dela. «Bakarka kontuz ibili behar da, ez da taldeka edo binaka bezala, hemen bakarrik zaude, eta une txarrak ere izaten dira. Hor burua erabiltzea eta buruarekin lan egitea oso garrantzitsua izaten da», dio Muruetak.

Zubiaga ere bat dator iritzi honekin. «Egia esan, lan gogorra izaten da bakarka, eta azkenean ordu erdia luze egiten da. Hor buruarekin lan egin beharra dago. Behin gorputza nekatzen denean, buruak ezetz esaten du, eta hari aurre egin behar zaio», dio Arratzuko zulatzaileak.

Bi harri izango dituzte zulatzeko, eta bakoitza ordu laurdenean jardungo da harri bakoitzean, horrela biek dute bi harrietan jardun beharra. «Harri zulatzen berdinena hau da. Biok harri berberekin jardun behar dugu, eta ez dago aitzakiarik. Gero, aizkoran bezala, nahiz eta biek egur bera pasatu batzuetan alde bat bestea baino zailagoa izan daiteke, ba harri-zulatzen ere gauza bera gerta daiteke, baina orakatuena honela da», dio Zubiagak. Dena prest dago, beraz, Arratzun apustu handi hau jokatzeko.