GARA
BILBO

Gabonetan Osakidetzak «gainezka» egingo duela salatu dute sindikatuek

Iristear diren Gabonetan Bizkaiko Lehen Mailako Arreta «pazientez gainezka» egongo dela ohartarazi dute Satse, ELA, SME, LAB, ESK, UGT eta CCOO sindikatuek. Horren arrazoien artean hauek aipatu dituzte: «Langileak ez kontratatzea, profesionalak ez ordezkatzea, agenden blokeoa eta pazienteak langile gutxiagoren artean banatzea».

Egoeraren erantzuletzat jo dute Osakidetza, osasun sisteman «erantzun eraginkorrik ez emateagatik». «Erabiltzaileek berez nahikoak ez diren Larrialdi Zerbitzuetara joko dute, Lehen Mailako Arretako profesionalek laguntzarik eskaini ez dietelako, ordezkapenik ezagatik eta kontsulten itxieragatik.

Sindikatuek jakinarazi zuten ez dela halako salaketa bat egiten duten lehenengo aldia. «Murrizketak egin, gaizki kudeatu eta antolakuntza herritarren beharrizanetara ez egokitzeagatik» azalpen bat eskatu dute.

Bestetik, ELAk elkarretaratzea egingo du gaur (11.30) Areilza Doktorea kaleko osasun etxean Osakidetzak Gabonetan Bilboko lehen arretako zerbitzu arrunt hau eta Basurtuko EAGa itxi nahi dituela salatzeko.