GARA
GENEVA

Ginean probatutako ebolaren aurkako txerto baten fidagarritasuna goraipatu du OMEk

Ginean egin diren entseguen arabera, ebola izurritearen aurkako txerto esperimental batek eman dituen emaitzak oso itxaropentsuak dira, «The Lancet» aldizkariak argitaratu dituen emaitzen arabera. Gizakiok ezagutzen dugun infekzio hilgarrienetako bat saihestea lortzen duen lehen txertoa izango litzateke. Ikerketa horren emaitzek indar gehiago ematen diete iaz argitaratutako entseguek bildutako datuei. Osasunaren Mundu Erakundea, pozik.

OME Osasunaren Mundu Erakundeak atzo iragarri zuenez, ebola gaixotasuna saihesteko txerto batekin egin diren entseguek oso emaitza onak eman dituzte. Asko jota eta gauzak okertzen ez badira, 2018an produktu berria merkaturatzeko moduan izango dira.

Kanadako Osasun Publikoaren Agentziak garatu du rVSV-ZEBOV izeneko txertoa. Merck AEBetako botika konpainiak ekoizten du. Gineako Errepublikako 5.837 lagunek esku hartu dute entseguetan, hau da, inoiz ezagutu den ebola izurriterik larrienaren hasiera jasan behar izan zuen herrialdeko milaka biztanlek. Sierra Leonak eta Liberiak ere izurritea jasan behar izan zuten.

Entseguak orain ia bi urte egin ziren, 2015aren lehen hilabeteetan. Ordurako izurritea behera egiten hasia zen, nahiz eta herrialde horietan birusak kalteak eragiten jarraitzen zuen.

Marie-Paule Kieny OMEko eledunak hedabideei adierazi dienez, txertoa jarri zieten pertsonen artean ez zen ebola kasurik izan lehen hamar egunetan edo beranduago. Beste 6.000 lagunek ere esku hartu zuten entseguan, baina horiei ez zieten txertorik jarri. Azken horien artean 23 lagun gaixotu zituen Kongon 1976an lehen aldiz atzemandako birusak.

Berrogei urteotan zenbait izurrite izan dira, baina Ginean hasitakoa da larriena, 11.300 hildako eragin baitzituen.

Adituek diote gaixotasuna hain hilgarria izan zela, beste faktore batzuen artean, txertorik garatu ez zelako. Orain ezagutu ditugun ikerketek diote rVSV-ZEBOV izeneko txertoak ebolaren prebentzioa ahalbidetzen duela. «Emaitza horiek Afrikako Mendebaldean ebolaren eraginez hil ziren herritarrentzat beranduegi iritsi badira ere, hurrengo izurritea sortzen denean ez gara babesik gabe egongo», esan du Kienyk. «Eraztunen estrategia» erabili da entseguak egiteko, baztanga ezabatzeko erabilitako estrategia bera. Gaixo baten inguruko herritarrek osatzen dute eraztuna, eta horiekin harremana dutenek, beste bat. Sei urtetik gorako umeei ere jarri diete txertoa.