Maitane ALDANONDO
DONOSTIA

Loro baten pasadizoak eta irlako istorioak, haurren gozagarri

Erein argitaletxeak kaleratu ditu irakurle gaztetxoei zuzendutako Seve Callejaren eta Iñaki Zubeldiaren azken lanak. Lehenak, uharte baten misterioetan murgildu du lagun talde bat; bigarrenak, berriz, loro berezi baten gorabeherak berreskuratu ditu eta asmatuekin osatu.

Haurrei eta gaztetxoei zuzendutako istorio sorta berri bat ezagutzera eman zuen atzo Erein argitaletxeak. Hain zuzen ere, adin txikikoen letretan ibilbidea egina duten Iñaki Zubeldia eta Seve Callejaren azken liburuak eta David Duranek orain bi hamarkada argitaratutako “Nahiago nuke mutila banintz!” lanaren edizio berria aurkeztu zituzten. Zubeldiak 10 eta 13 urte artekoei zuzendutako Auskalo sailerako idatzi du “Zestoako loroa”; Callejak, aldiz, 12 eta 14 urte artekoentzat den Perzebalerako “Kontxako haur galduak”.

Zestoan ezaguna den Hotel Estacioneko “Pepe” loroa eta haren ingurukoak aukeratu ditu Zubeldiak kontakizuna osatzeko. Masajista batek hitz egin omen zion Gineatik ekarritako yakoaz –loro grisa–, eta zer kontatua bazuela ikusita, Interneten berari buruzko informazioa bilatzen aritu zela gogoratu zuen egileak.

Buruhauste ugari eragin omen zituen eta egileak azaldu zuenez, «bere bihurrikeria guztiak sartu ditut eta beste batzuk, asmatu». Ezagunena, eta egiazkoa omen dena, txilibitua jo eta trena martxan jarri zuenekoa da. «Ia-ia Azpeititik zetorren trenarekin talka egin zuen». Makinistak auzitara eraman zituen Joanito Portu geltokiburua eta “Pepe”, baina epaileak errugabetzat jo zituen, gidariak ez baitzuen begiratu altxatuta ote zegoen irteteko baimena ematen duen bandera gorria.

Ustekabeko abentura

Albistea egunkarietan atera zela gogoratu zuen egileak, baita Parisko abeslari batek “Le train et le perroquet” boleroa eskaini ziola ere. Azpeitiko Tren Museoan disekatuta dagoen loroa zigortu bazuten ere, haurrentzat izanik, egileak amaiera alaia eman dio. Halaber, gorabehera guztiak Estibaliz Jalon ilustratzaileak irudikatu ditu orrietan ageri diren marrazkietan.

Idatzitako liburuaz gain, berak euskaratutako Callejaren azken eleberria ere aurkeztu zuten. Donostian girotutako «udako istorioa» da. Egileak «ganberrada hutsa, baina oso polita» iruditzen zaion Piraten Abordatzea hartu du istorioa kontatzeko aitzakia gisa. Bost neska-mutikok ustekabeko abentura biziko dute, izan ere, ekimen hori gertutik ezagutu nahian, badiako gabarroira joatean. Plataformak Santa Klara uhartera eramango ditu haiek nahi gabe. «Hor hasiko da istorioa». Irlan Soinu izeneko naufragoa topatuko dute, itsas giroko dozenaka istorio arroka eta leize barruetan gordetzen dituena. Haurrak onartuko ditu, baina bi baldintzapean: sekretuan mantentzea eta istorioak kontatzea. «Literatur altxorra da» nerabeek topatuko dutena, egilearen esanetan.

Kontakizunaren orrietan bullyingaren gaia ere jorratu du Callejak. Protagonistetako batek, Felixek, pairatzen baitu jazarpen hori. Irakurle amorratua denez, istorio asko ezagutzen ditu, oso baliagarria zaiona egoera horretan. Abentura bizitzeaz gain, «laguntasuna, solidaritatea, misterioa eta literatura zer den» ikasiko dutela argitu zuen egileak. Baita “Bostak” bildumako liburuen inspirazioa sumatzen duela berean, nahiz eta «nahigabe» izan dela zehaztu, «norbera jaten duena da». Berak, ordea, ez du kuadrilla honen beste lanik egitea aurreikusten. «Zaila da. Soinuk, agian, badu aurrera jarraitzerik».

Neska ala mutil

1999an euskaraz argitaratu zenetik, euskal ikastetxeetako nerabe askok irakurri du David Duranek idatzitako “Nahiago nuke mutila banintz!”. «Arrakasta handiko liburua izan da, ibilbide pozgarria izan du», azaldu zuen argitaletxeko editoreak. Aurkeztutakoa edizio berritua da eta honetarako euskara «garbitu eta hobetu» dute. Istorioak, noski, Duranek katalanez idatzitakoa izaten jarraitzen du.

Júlia 12 urteko neskatxa bat da eta kokoteraino dago hilekoarekin. Behin baino gehiagotan mutil bihurtzea desiratuko du. Hilekoaren Maitagarria agertuko zaio eta aukera emango dio hurrengo hilekoa arte neska edo mutila izateko, bere gogoaren arabera. Primeran pasatu eta asko ikasiko du, baina, gero, Júlia edo Julià izan aukeratu beharko du.