GARA
BRUSELA

Roaming-a doakoa izan dadin akordioa adostu du Europar Batasunak

Ekainetik aurrera erabiltzaileek ez dute atzerrira joandakoan sakelakoa erabiltzeagatik gainkosturik ordainduko, EBk lortutako akordioari esker. Enpresek elkarri kobratzen dizkioten tarifak mugatuko ditu itunak.

Europar Batasunak akordio bat lortu du, erabiltzaileak Europan zehar bidaiatzen ari direnean erabilitako zerbitzuengatik, telefonia enpresa handizkariek elkarri kobratzen diotena mugatzeko. Orain arte, konpainia bakoitzak erabakitzen zuen zenbat kobratu beste enpresei, horien bezeroak beren herrialdera bidaiatzen zutenean, baina orain mugak jarri dituzte.

Honakoa «puzzlearen azken pieza» dela aipatu zuen Europako Batzordeko Merkatu Bakar Digitaleko lehendakariorde Andrus Ansipek. Era berean, erantsi zuen arau berriak ziurtatzen duela herritarrek Europar Batasunaren barruan bidaiatu ahal izango dutela «roaming zerbitzuagatik gehigarri bat ordaindu gabe» eta, era berean, konpainiek zerbitzu lehiakorrak eskaini ahal izango dituztela.

Hala, Internet zerbitzuari dagokionez, konpainien arteko muga GB bakoitzeko 50 eurotik 7,7 eurora jaitsiko da 2017ko ekainean bertan, eta pixkanaka jaitsiko da: 6 euro/GB 2018an; 4,5 2019an; 3,5 2020an; 3 2021ean, 2022an 2,5 euroan finkatu arte. Jaitsiera progresibo hori finkatzeko teknologia berrien garapena izan dute oinarri, uste baitute horiek roaming zerbitzuen kostuak murriztuko dituztela. Prezio berri horiek bezeroek beren konpainiari ordaindu beharko dioten fakturan isla izango dute.

«Zehaztutako mugek eragin zuzena izango dute datu mugikorren erabileran; zenbat eta prezio baxuagoa orduan eta datu gehiago», esan zuen Monique Goyens Europako Kontsumitzaileen Elkarteko zuzendariak.

Erabiltzaileentzako mugak

Tarifak neurtzeaz gain, Europar Batasunak erabiltzaileei mugak jarriko dizkie «erabilera zuzen bat» ziurtatzeko eta «gehiegikeriak» ekiditeko.

Konpainiek roaming zerbitzua ohiko prezio berean eskaini beharko diete bezero guztiei, sarriagotan edo gutxiagotan bidaiatu. Enpresek, era berean, kontrol sistema bat ezarri ahal izango dute erabilera zuzena dela ziurtatzeko. Izan ere, irregulartasunak aurkitzen badituzte epe baterako tarifa berezi bat ezarri ahal izango dute.