Ariane KAMIO
DONOSTIA

Transmisioaren soinu banda

Ipar zein Hego Euskal Herriko musikari eta ahotsen elkartzea izango da igandean Kursaaleko Ganbara aretoak hartuko duen «Zuhainpeko soinuak» ikuskizunaren estreinaldia. Ikuskizuna, bai, ez kontzertu hutsal bat. Naturaren elementuak eta mundu oniriko komuna agertokiaren bilgune izango dira. Motorrean, Jean Mixel Bedaxagar, Mixel Etxekopar, Juan Mari Beltran eta Mireia Gabilondo. Hondoan, belaunaldien arteko transmisioaren hotsa.

Taularatu zitezkeen Jean Mixel Bedaxagar, Mixel Etxekopar eta Juan Mari Beltran, ahots eta instrumentuen bueltan, Ipar eta Hego Euskal Herriko kantuen uztartze antzeko bat egiteko. Egin zezaketen kontzertu bat. Beteko lukete ere Kursaaleko Ganbara aretoa. Baina kontzertu bat litzateke. Hor bertan. Harago joan gabe.

Musikari eta kantariok bat egin dute “Zuhainpeko soinuak” proiektuan, baina osagai gehiago sartu dituzte haien bueltan eraikitako lapikora. Mireia Gabilondok jantzi du amantala eta piztu du sua. Kontzertu hutsal bat baino gehiago antzerkitik ere baduen ikuskizuna zuzendu du, Fernando Bernuesen eszenografia laguntzarekin eta Naiel Ibarrolaren irudiekin. Animaliak, txoriak... mundu oniriko baten bueltan imajinario kolektiboaren mesedetan sortutako geruza etereoa. Horiekin batera, eta eszena gainean, Mathieu Mendizabal (ahotsa eta dantza), Sacha Standen (biolina), Maider Ansa (ahotsa), Aitor Beltran (txalaparta, aho-soinua, perkusioa), Ander Barrenetxea (txalaparta, perkusioa) eta Pierre Vissler (soundsscape).

Transmisioa

“Zuhainpeko soinuak” ahozko transmisioaren ideia nabarmentzen duen ikuskizuna da. Zuberoako ahots eta herri-musikak ardatzean jarrita sortu du Gabilondok ikuskizun berri hau. Poemak, testuak, kantuak... Ia urtebeteko lana lapikoko osagaiak ontzen. «Ipar Euskal Herriko bost musikari eta Hegoaldeko lau. Zuberoako kantuak eta bi eremuetako musikari eta kantarien nahasketa. Kolore desberdinak dituen ikuskizuna da», eman zuen aditzera Gabilondok.

Bedaxagar, Etxekopar eta Beltran sona handiko eta ibilbide luzeko musikariak dira. Instrumentu zehatzei lotuak batzuk eta kantagintza herrikoiari lotuak besteak. Sustraiak lurrean baina adarrak gorantz dituzten haritz zaharrak, Bedaxagarren esanetan. Transmisioaren garrantziaz mintzatu zen Bedaxagar: «Bihotz altxagarri da transmisioa ondokoei ziurtatzea. Haritz gazteak behar dira. Oihana gu bezalako haritz zaharrez betea bada ez da ona. Eta hori da gure kezka nagusia», ohartarazi zuen.

Errepertorioan badira Bedaxagarrek berak sortutako kantuak (jota nafar bat, esaterako), kantagintza herrikoitik berreskuratutako abestiak, baita, kasu berezi gisa, Lehen Mundu Gerran Alemanian preso zen euskal herritar baten kantua. «Alemanen esku zegoen preso larraintar baten kantua berreskuratu dugu, emaztea eta haurrak etxean zituelarik, ‘Maitia nun zira’ abesten. Bere semea ere ezagutu dugu. Ehun urte atzera egin zuen aitaren ahotsa entzutean. Hunkigarria da oso», aipatu zuen Etxekoparrek.

Agurainen egin zuen “Zuhainpeko soinuak” ikuskizuneko taldeak aurrestreinaldia eta estreinaldi ofiziala igandean izango da Kursaaleko Ganbara aretoan, 19.00etan. Syntoramak ekoitzitako lanak baditu horren ondotik ere beste hitzordu batzuk. Martxoaren 8an Irunen, apirilaren 23an Iruñean eta maiatzaren 14an Hondarribian. Udazken parterako, gehiago.