GARA
LEIOA

XVIII. Leioako Umore Azokan 50 konpainiak hartuko dute parte

Leioako Udalak antolatzen duen Umore Azokak aukeratu ditu dagoeneko maiatzaren 18tik 21era egingo den XVIII. edizioan parte hartuko duten 50 konpainiak. Jaialdiko kudeatzaile artistikoek azaldu dutenez, 500 konpainiaren proposamenak jaso dituzte eta horien artean hautatu dituzte Euskal Herriko 22 talde, Kataluniako bederatzi, Gaztela eta Leongo bi eta Gaztela-Mantxako, Madrilgo, Balear Uharteetako eta Murtziako bana. Estatu frantsesetik lau konpainia etorriko dira Leioara eta bana Hungariatik, Herbehereetatik eta Suitzatik.

Antolatzaileek aditzera eman dutenez, programatu dituzten ikuskizun gehienak estreinaldiak izango dira eta ikus-entzuleek «egungo kaleko arte panoramako konpainia garrantzitsuenetako batzuen proposamen orain arte ikusigabeak ikusteko aukera izango dute». Horrela, Bizkaiko herriko kaleetan erabateko 22 estreinaldi, kaleko hiru estreinaldi, estatu mailako bi estreinaldi, aurrestreinaldi bat eta “work in progress” bat izango dira. Halaber, Umore Azokak iaz abiatutako Bertako Eszena ekimena ere egingo da aurten: atal honetan, Leioako ordezkari artistikoek euren proposamenak erakusteko aukera izango dute.

Diziplina anitzetako lanak

Azokak irauten duen artean, Leioako kaleetan eta ohikoak ez diren espazioetan 150 emanalditik gora eskainiko dira, doako sarrerarekin. Horietatik gehienak publiko ororentzat egokiak direla nabarmendu dute antolatzaileek. Antzerkia, dantza eta zirku garaikidea izango dira aurten ere programazioaren ardatzak, baina diziplina anitzetako ikuskizunak eta bestelako generoak ere izango dira, hala nola musika, bertsolaritza, magia, clowna, piroteknia, multimedia, txotxongiloak, automatak eta fakirismoa.

Euskal taldeei dagokienez, horietako hamasei azokan lehen aldiz egongo direla azaldu dute: «Horrek finkatu egiten du Leioak gure herrialdeko kaleko sorkuntza lanen erakusleiho gisa betetzen duen lekua».