GARA
IRUÑEA

Oteizak liburuen marjinan idatzitako ideiekin bilduma berria osatu du Ikuspuntuk

“Oteiza al margen” argitalpenean Jorge Oteizak zinemaren eta artearen gainean bere liburutegiko liburuen bazterretan eskuz idatzitako oharrak bildu ditu Ikuspuntu jaialdiak. «Presazko oharrak dira, ideia arinak eta apunte freskoak», azaldu dute.

Bilduma honen bidez, ikusle-irakurleak Oteizaren ideiak nondik sortzen ziren ikusteko aukera izango duela gaineratu dute Iruñeko jaialdiko arduradunek; hau da, «haren zuzeneko iturriaren lekuko izateko, baina, aldi berean, haren inspirazioak nola funtzionatzen duen ikertzeko» baliabideak eskaintzen dizkio irakurleari, «batzuetan argi baitago ideiaren eta irakurritako testuaren arteko konexioa, eta, beste batzuetan, apetatsuagoa edo misteriotsuagoa da. Irakurleak Oteiza garbiarengana hurbiltzeko pribilegioa izango du, lumarekin armatutako Oteizarena, haren irakurketak eta lehen mailako ideiak zuzenean ezagutzekoa; batzuetan analisi burutsuagoa eta gehiegi hausnartutakoa baino interesgarriagoak eta askeagoak izaten dira».

Oskar Alegriaren azterketa

Liburuak jaialdiko zuzendari artistiko Oskar Alegriak Oteizaren oharren gainean egindako azterketa ere biltzen du. Bertan, haren kaligrafia ohiturei buruzko kapitulu interesgarriak azaltzen dira. «Kontua da Oteizak zer, non eta zergatik idazten duen ikustea, misterio batzuk ezagutzera emateko», zehaztu dute.

Liburua Nafarroako Gobernuak finantzatu du, Jorge Oteiza Museoarekin eta Golem Fundazioarekin batera. Mila ale argitaratu dituzte eta Oteiza Museoan eta Ikuspunturen egoitzan eskuratu ahal izango dira.