Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Denborak gizakiengan marrazten dituen orbainei begira abiatuko da DFeria

Gaur irekiko ditu ateak DFeria Donostiako arte eszenikoen azokak. «Denbora» da XXIII. edizio honetan parte hartuko duten konpainiek dakartzaten proposamenak biltzen dituen lerroburua, eta, helburua, aldiz, Donostian bilduko diren programatzaile eta bestelako profesionalen aurrean konpainiek euren lanak erakutsi eta nazioarterako ateak irekitzea. Euskal taldeek ere bide horretan aurkeztu dituzte DFeriara dakartzaten proposamenak.

Gaur hasi eta ostegunera bitartean, 150 programatzaile, 100 artista eta ekoizle, 50 agente artistiko eta banatzaile, 40 kazetari eta hainbat erakundetako ordezkari eta kudeatzaile bilduko ditu DFeriak, Donostiako arte eszenikoen azokak.

XXIII. edizio honetan, “Denbora” izango da jaialdiko hari gidaria, zehazki honen joanak gizakiongan izaten duen eragina eta uzten dituen orbainak. Bada, euren proposamenetan elementu hori txertatu duten zenbait euskal konpainiek emana dute dagoeneko DFeriara ekarriko dituzten obren berri.

Antzerkiaren alorrean, Hika Teatroak “Koadernoa Zuri” eta honen gaztelerazko bertsioa, “Cuaderno en blanco”, ekarriko ditu berriz Donostiara. Arantxa Iturbe eta Agurtzane Intxaurragaren artean idatzitako obran, elkar ikusi gabe 25 urte daramatzaten bi ahizpen –Miren Gojenola eta Itziar Ituño– harremana da oinarri: «Emozioen bidaia ikaragarria da, errusiar mendia, orain tragediatik eta orain umoretik duena. Plastikoki, begietatik sartzen den obra da eta harrera bikaina izan du, ez delako bakarrik bi emakumeren historia; pertsonena da, unibertsala», azaldu zuen Intxaurragak. Euskaraz gaur emango dute (20.00) eta gazteleraz bihar (10.00), Intxaurrondo kultur etxean.

Iris Teatrok, Frida Khaloren «alderik ilun eta ezatseginena» ekarriko du “Frida” antzezlanean (gaur, 17.00, Tabakalera). Oholtza gainean Rosa Martinez-Alcober ariko da, Mexikoko Hildakoen Egunean murgildutako Frida antzezten; publiko artetik, Fran Lasuenen biolinak indartuko ditu zenbait pasarte. «Testuak Fridaren alde gizatiarrena erakusten du, bere ertz guztiekin; horrek maitemindu ninduen, testuaren zintzotasunak», ziurtatu zuen antzezleak.

“Último tren a Treblinka” ere ez da berria hiriburu gipuzkoarrean. Donostia 2016 eta Vaiven-en lankidetzaz sortutako obrak hainbat funtzio izan ditu Donostian eta DFeriara nazioarterako txartela lortzeko asmotan joango da, Ana Pimentaren hitzetan. «Oraindik ez dugu programatzaileen aurrean emateko aukerarik izan eta badugu gogoa; oso ondo funtzionatu duen obra da, emozio askokoa, edozein herrialdetan funtziona dezakeena», esan zuen. Antzezlanak Janusz Korczak mediku eta pedagogoak Varsovian zuzendutako umezurztegia hustu aurretiko azkeneko orduak kontatzen ditu. DFerian asteazkenean (16.00) eta ostegunean (16.30) emango da, Tabakaleran, bi kasuetan gazteleraz.

Gaurkoan bi saio izango ditu Kabia Teatroren “El árbol de Hiroshima” lanak; 20.30ean eta 00.30ean, 2016 Gunean. Hamabost minutuko pieza berezi horretan, nagusitasuna «zoriontasunari eta etsipenari buruzko» zuzeneko kantuek eta gorputz adierazpenak hartuko dituzte, Joseba Uribarri aktoreak azaldu zuenez. Abestiak, gehienak tradiziozko sehaska kantak, japoniarrez, kanbodiarrez eta hebreeraz abesten dituzte.

Dantza eta zirku garaikidea

Dantzaren alorrean, proposamen bana dakarte Cielo Rasok eta Olatz de Andresek. Lehenak, Igor Calongeren gidaritzapean, “Jardin de invierno” oholtzaratuko du (bihar, 12.00, Gazteszena), gizakiak egiten dituen oihu ezberdinen eta isiltasunaren gaineko gogoeta. Bigarrenak xake taula du oinarri, “The Endgame” eraikitzeko (gaur, 23.00, Victoria Eugenia). Xake taula «bizitzaren ispilutzat» hartuta, lau dantzarik euren botere eta ahuldadeak erakutsiko dituzte obran zehar pieza bihurtuta. Kukaik, bere aldetik, eraikitze bidean den lan bat ekarriko du azokara: “Topa” (bihar, 14.00, Tabakalera). Brodas Bros hip hop taldearekin osatutako piezak «bi kulturen arteko topaketa» irudikatuko duela azaldu zuen Jon Maya koreografoak. Pieza «dinamiko eta freskoan», musika elektronikoaren doinura ariko dira Kukaiko dantzariak.

Zirku garaikideak ere badu lekurik aurtengo edizioan. Bilbo eta Gasteizko udalek eta Lurrak konpainiak elkarlanean ekoitzi duten “Lurrak” lanak, musika, antzerkia eta zirkua uztartzen dituen obraren aretoko bertsioa ekarriko du Donostiara (bihar, 17.30, Tabakalera). Isabel Lorente ekoizleak azaldu zuenez, «karga musikal handia duen erritmo biziko» ikuskizuna da eta laster hasiko dute bira Estatu frantsesean. «Nazioarteko gure ibilbidea hasteko aukera paregabea da DFeria; badakigu ikuskizunak arrakasta duela, eta orain mugitzea geratzen zaigu».