Amalur ARTOLA
DONOSTIA

«Koadernoa zuri» antzezlanari eleberri forma eman dio Arantxa Iturbek

«Koadernoa zuri» ez zen eleberri izateko jaio. Gidoi gisa, antzerki obra izateko tresna moduan, jaio zen Arantxa Iturbe eta Agurtzane Intxaurragaren eskutik eta, orain, narrazio tankera eman eta Elkarren bidez argitaratu berri du kazetari eta gidoilari alegiarrak. Urteetan elkar ikusi gabe egon ostean, amaren heriotzak elkartzen dituen bi ahizpa kasik antagonikoren harremana aztertzen du «Koadernoa zuri»-k, oraingoan eleberri formatuan.

Bi pertsonaren artean sortutako “Koadernoa zuri” proiektua antzerki-testu bihurtu zen lehenik, antzezlan ondoren eta eleberri orain. Agurtzane Intxaurraga eta Arantxa Iturberen eskutik sortutako antzerki-testua Euskal Herriko hainbat oholtzatan ikusi ahal izan da dagoeneko eta Iturbek –«zergatik oraindik oso ondo ez dakidan arren»–, Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak egindako hordagoari erantzun eta eleberri bilakatzea erabaki du.

«Arantxari beti miretsi izan diot, euskal kulturako produkzioari egiten dion kasuaz aparte, ze belarri ona duen entzuteko. Entzuten duenak idazten eta testuari kadentzia ematen daki», esan zuen Mendigurenek. Zentzu horretan, Iturbek gaineratu zuen Intxaurragak errealitatea ikusi eta oholtzara eramateko gaitasuna duela eta berak, aldiz, entzutekoa landu duela: «Bera begi da eta ni belarri. Agurtzanek bere egiten ditu biok idatzitako hitzak, baina hitza abiapuntua besterik ez da». Hau ez da elkarrekin idatzi duten lehen gidoia eta, normalean, Intxaurraga testua oholtza gainean lantzen hasten denean bere lana amaitu egiten dela esan zuen Iturbek, «nahiz eta oraingo honetan berriro hasi naizen, antzezlana eleberri bihurtuz».

Obraren zutoina bi ahizparen arteko harremana da. Elkar ikusi gabe urteak eman ostean, amaren heriotzak elkartuko ditu berriro eta elkarri esateko asko izango dute, urte horietan norberari gertatutakoak, batetik, eta iraganean isildutakoak, bestetik. «Ama, on beharrez eta hobe beharrez, min asko egin duten emakume horietako bat da», azaldu zuen Iturbek. Emakume fededuna, zurruna, garbizalea da ama eta, haren jarreraren aurrean, norabide ezberdinak hartzen dituzte alabek: «Batek, otzan, amaren alboan geratu eta munduak beragandik espero duena egitea erabaki zuen. Besteak, errebeldea bada ere, ez da ausartzen amari aurre egitera baina joan egiten da, ezer esan gabe». Amaren etxe hutsean topo egiten dutenean sentipenak eta emozioak azaleratuko dira. «Hasieran ez dakite elkarri zer esan, alaba batek ama hil eta hilabete gutxira zergatik agertu ote den galdetzen dio bere buruari... Baina, azkenean, hitz egiten hasiko dira», esan zuen.

Zalantza eta burrunbak

Proiektuan murgiltzeko garaian zalantzak izan zituela azaldu zuen Iturbek. «Barruko burrunbak ‘zer nezesidade?’ galdegiten zidan, eta burrunba horrek hor jarraitzen du, ez dut erantzunik topatu». Antzerki-testuak «marratxoz bete behar diren lanerako tresna» gisa ikusten dituela eta horiek argitaratzearen helburua ez duela oso argi zehaztu zuen: «Agian, beste taldeentzat edo eskoletan lantzeko... Baina Agurtzanek esan zidan ‘Aran, herri honetako gizonezko gidoilari guztiek dute antzezlan bat argitaratuta, eta guk ere egin behar dugu’». Eta, antzerki-testua bere horretan argitaratu beharrean, nobelatu, argumentuari jarraitzeko xehetasunak gaineratu eta laurogei orrialdeko testua argitaratu du Iturbek.

Testua eraikitzeko prozesua «berria, berezia eta bizigarria» egin zaiola onartu zuen eta gidoi amaitua irakurri zuen lehendabiziko aldian «‘b’-z beteriko testua» zela iruditu zitzaiola zehaztu zuen: «Berezia, barne indar handikoa, barregarria ere bai batzuetan, basatia... eta aurrera egitea erabaki nuen». Eleberria eraikitzeko prozesua azaltzeko, “b” hizkiarekin jolasean jarraitu zuen. Batetik «birziklatze esperimentua» izan dela esan zuen, nolabaiteko «biluzketa» izan dela ere gaineratu zuen, «lehen eraikitako guztia deseraiki dudalako» eta, alde horretatik, antzezlana ikusi duenak liburuan bestelako ikuspegi bat sumatuko duela esan zuen. Azkenik, ariketa «borobila» dela esan zuen, «zirkularra, era batera hasi eta bestela bukatu den ariketa izan delako».

 

Bertsio eszenikoa oholtzaz oholtza

Antzezlan formatuan jaio zen “Koadernoa zuri”, Arantxa Iturbe eta Agurtzane Intxaurragaren elkarlanetik. Antzezlana Hika teatroak osatu zuen eta Miren Gojenola eta Itziar Ituñok betetzen dute urte askoan elkar ikusi gabe egon ostean ama hildakoan topo egiten duten bi ahizpen papera.

Egunotan, atzo amaitu zen DFeria Donostiako arte eszenikoen azokan ikusi ahal izan da antzerki obra eta, Iturbek azaldu zuenez, erantzun ona izaten ari da.

«Agurtzaneri galdetu diot eta ‘uste dut ondo’ erantzun dit», esan zuen, zehaztuz publikoaz gain programatzaileek obran eduki dezaketen interesaz ari zela Intxaurraga.

Donostiako azoka amaituta, “Koadernoa zuri” herriz herri ibiliko da datozen hilabetetan. Gaur, Zarauzko Modelon taularatuko dute, bihar Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean (gaztelaniazko bertsioan) eta etzi Oñatiko Santa Ana antzokian. A.A.