Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Wikipedian egotea da «hizkuntzen biziraupenerako gakoetako bat»

Anonimotasuna eta isilpeko lana izan dira urteetan euskarazko Wikipediaren ezaugarri nagusietakoak. Euskararen normalizazioranzko bidean sareko entziklopedia handienean egotea ezinbestekoa dela sinetsita, euskarazko bertsioa edukiz hornitzen aritu da hainbat jende 2003tik eta, iaz, Euskal Wikilarien elkartea sortu zuten, indarrak metatu eta koordinazioa hobetzeko. Aurten, kalitatezko edukiak sortzea eta harremanak sendotzea dituzte xede.

Ingeles hutsezko bertsioa sortu eta bi urtera, 2003an, ikusi zuen argia euskarazko Wikipediak. Urte hartan, euskararen normalizaziorako bidean zutoin izan zitekeela sinetsi zuen hainbat euskaltzalek eta urte hauetan guztietan beste hainbat batu dira proiektura, bizi dugun garai digitalean hizkuntza batentzat interneten egotea ezinbestekoa dela baieztatzeaz batera, ezagutza unibertsala hizkuntza zehatz batean transmititu ahal izateko Wikipedian egotea berebizikoa dela frogatu baita.

Urteetan anonimotasunetik eta borondatezko lanaren bidez entziklopedia edukiz hornitzen aritu ostean, beste pauso bat eman eta iazko uztailean sortu zen ofizialki Euskal Wikilarien Kultura Elkartea (EWKE), han-hemenka lanean ari ziren wikilariak bildu eta koordinazioa hobetzeko asmoz.

Hala, egun euskarazko bertsioak 278.000 artikulu baino gehiago ditu eta, artikulu kopuruari dagokionez, 31. postuan dago, Kike Amonarrizek baieztatu zuenez. Soziolinguistikan aditu, wikilari eta euskarari lotutako hainbat telebista saiotako aurkezle izan denaren hitzetan, munduan dauden 7.000 hizkuntzetatik 300 inguruk baino ez dute Wikipediako bertsiorik, «eta horrek esan nahi du milioika hiztun dituzten eta estatu hizkuntzak diren beste batzuen aurretik dagoela euskarazko Wikipedia: bulgariera, daniera, greziera...». Amonarrizen ustez, egun Wikipedian egotea «hizkuntza baten normalizaziorako ezinbesteko baldintza» bilakatu da eta, zentzu horretan, gizarteak «euskarazkoa elikatzeko lanetan ari direnen lanaz kontziente izan behar du; egungo entziklopedia Wikipedia da eta horra jotzen dugu ikasle, irakasle, profesional eta abarrek. Beraz, zenbat eta osatuagoa, orduan eta aukera gehiago euskaraz kontsultatzeko. Euskararen normalizaziorako lanabesa da Wikipedia».

Hezkuntza eta harremanak

Iazko urteak eman zuenaren errepasoa egin zuen Wikilarien Elkarteko Iñaki Lopez de Luzuriagak. Besteren artean, EHUko ikasleekin batera kalitatezko 55 artikulu sortu izana, haur eta gazte literaturako Wikiproiektua ekimena, Donostiako “Bake Itunak” erakusketaren aitzakian egin ziren jarduerak, Uliako Lore-Baratzak parkeko landarediaren gaineko euskarazko artikuluen bilduma sortzea eta aurrera eramandako trebakuntza ikastaroak aipatu zituen. Aurtengo helburuei begira, kalitatezko edukiak sortzen jarraitzea eta kanpo harremanak sendotzea izango dituzte helburu. Xabier Cañas EWKEko idazkariak azaldu zuenez, «Wikipedia batez ere proiektu hezitzailea da; iaz hasi ginen unibertsitatearekin lanean, helburua zen ikasleek beren lana Wikipedian egitea, lan hori kaxoi batean geratu beharrean ekarpen hori nonbait gera zedin». Iaz 55 artikulu sortu ziren bide horretatik, eta aurten, parte hartzaile kopuruak gora egin duela-eta 70 artikulu berri lantzea espero dute.

Euskarazko bertsioak medikuntzaren gaineko artikulu gutxi duenez, Medikuntza Fakultatearekin elkarlana abiatu eta anatomia, gaixotasun eta sendagaien gaineko artikuluak osatzen ari dira. EHUko Irakasle Eskolako ikasleek, beren aldetik, haur eta gazte literaturako pertsonaien inguruko artikuluak egingo dituzte eta, horrez gainera, hamabost liburuzain Wikipedian trebatzen ari direla gaineratu zuten, liburuen gaineko artikuluak osatu ahal izateko.

Kanpo harremanei dagokienez, Wikipedia nazioarteko elkartea dela eta euskal komunitate bezala bertan egotea garrantzizkotzat jo zuten, erakunde ezberdinekin harremanak sendotuko dituztela baieztatu zuten eta, besteren artean, Euskal Erakunde Publikoarekin elkarlanean, Ipar Euskal Herriaren presentzia sendotzeko lan egingo dutela ziurtatu zuten.