GARA
donostia

Donostiako Piano Lehiaketak emakume konpositoreengan jarri du fokua

Sei herrialdeetako 65 ikasle arituko dira asteburu honetan Donostiako Nazioarteko Piano Lehiaketan nor baino nor. Aurten emakume konpositore garaikideen obra ezezaguna argitara ateratzen ahalegin berezia egin dute.

Udal Musika Eskola, Enrique Lartundo fundazioa, Ateneo Musical eta Musika Hamabostaldia arduratu dira hogeigarren edizio hau antolatzeaz. Saioak Musikenen egingo dira bihar eta etzi. 24 urte bitarteko haur eta gazteek parte hartuko dute norgehiagoketan.

Udal Musika Eskolako arduradun Mikel Matek, Musikeneko zuzendari Miren Iñargak eta Javier Gonzalez de Sarmiento irakasleak adierazi dutenez goren mailako ikasleek hainbat emakume musikariren lanak jo beharko dituzte. Derrigorrez bete beharreko pieza horiez gain, parte-hartzaileen %45ek eta %83k bitartean gomendatutako partituretakoren bat aukeratu dute. Euskal Herriaz gain, Estatu espainola, Alemania, Austria, Serbia, Eslovakia, eta Portugal dira parte-hartzaileen herrialdeak.

Gonzalez de Sarmiento arduratu da emakume konpositoreen partiturak aukeratzeaz. «Ia ezezagunak ziren eta gure asmoa ezagutaraztea da, jendarteak deskubri ditzan».

XIX. mendetik hasi eta gaur egunerainoko 50 pieza interpretatuko dituzte asteburu honetan.

Fanny Mendelssohn (Felix Mendelssohnen arreba), Clara Kiek (Schumannen emaztea), Agathe Backer-Grondähl, Cecile Chaminade, Germaine Tagliferre, Lili Boulanger, Paule Maurice, Amy Beach, Ruth Crawford, Sofia Gubaidulina eta Karen Tanaka dira hautatutako autoreak eta horiekin batera euskal konpositore bat, Emiliana de Zubeldia.

«Irizpide pedagogikoak izan ditugu oinarri eta horrek irakasteko interesgarri egiten ditu. Kalitatezkoak dira eta erronka teknikoa da jotzea. Joz gozatzeko obrak dira», adierazi du.

«Batetik, emakume sortzaileak egon badaudela eta bestetik emakumeei betidanik egotzi zaien sormen gaitasun eza egia ez dela erakutsiko da», gaineratu du irakasleak.