Ariane KAMIO
DONOSTIA

Erosotasunaren arantzak

Mikroipuinetatik kontakizun luzeagoetara joan da Ana Malagon «Gelditu zaitezte gurekin» lanean. Deserosotasunetik idatzitako hamalau narrazio garatu ditu, oro har gustagarritik gutxi duten pertsonaietatik tiraka. Harremanak erdigunean jarrita, fideltasuna eta zaintza bezalako gaiei leku egin die idazle donostiarrak lan berri horretan.

Mikroipuinen bilduma izan zen Ana Malagonek (Donostia, 1978) argitaratu zuen lehen lana. 2014an publikatu zuen “Lasai, ez da ezer gertatzen”. Hiru urte beranduago lan berri batekin itzuli da, “Gelditu zaitezte gurekin” (Elkar), ipuin liburua hau ere, baina mikrotasunetik gutxiago duena –«ez nuen neure burua ‘mikroipuinak idazten dituen subnormal hori’ bezala identifikatu nahi, ez nuen Michael Landon bezala, aktore enkasilatu bat izan nahi»–. Bere «konfort edo erosotasun egoeratik» ateratzeko nahiari helduta, trinkotasunerako joera alboratu eta gudu zelai zabalagoetan aritu da lanean liburu honekin.

Hamalau istorio bildu ditu orotara, izaera desberdinetako protagonistekin: gazte, heldu eta zaharrak, baina denetan nabari da halako sentipen asegaitz bat, denbora igaro arren munduan norberaren lekua aurkitu ezin bat, noizbait izandako nahi eta ametsak bete gabe geratuko diren konbentzimendua, nostalgian goxatzen ez den desolazioa.

«Liburuaren tonua nahiko iluna da eta beharbada liburuaren azalarekin –fondo txuriaren gainean marraztutako jende uholde koloretsua– publizitate engainosoa egiten ari gara eta dirua bueltatzeko eskatuko diote Elkarri, eta Elkarrek niri, eta nik ordurako gastatua nukeen ardo botilatan, Lidl-eko porkeriatan edo auskalo zein tramankulu teknologikoan eta, en fin, drama bat», bota zuen idazleak bromatan liburua aurkeztean.

Umorea alboratuta, aitortu zuen ale berrian ez dagoela irribarrerako tarterik, ez “Lasai, ez da ezer gertatzen” lehenengo lanean batzuetan agertzen zen umore edo ironiarik. «Bestelako tonu bat da liburu honena, istorioen tempoa eta edukia kontuan hartuta egokiagoa iruditu zaidan tonu bat, oro har, malenkoniatsuagoa akaso».

Pertsonaiez hizketan, ildo bertsutik jo du; «ipuin hauetako pertsonaiak ez dira gustagarriak oro har. Enpatia eta deserosotasunetik idatzitako ipuinak dira. Pertsonaiak ez dira erabat gustagarriak baina ez dira erabat gorrotagarriak ere. Eta pentsatu nahi dut horrek egiten dituela erakargarri», aipatu zuen. «Zinismo puntu bat duenik badago».

Oraina vs Nostalgia

Malagonen arabera, orainean bizitzeko zailtasunak dira liburu honetako protagonistak. «Iraganera jotzen dute, baina nostalgian gertatzen denaren kontra, non azukrea botatzen diogun iraganari gustagarriago egiteko, edo behintzat, jasangarriago egiteko, oraina jasanezinagoa eginez, iraganera jotzen dutela diot, baina ez dute behin-behineko plazerik aurkitzen».

Hainbat harremanen berrikusketak egin ditu eta «zerrenda pasatzen duten pertsonaiak» daudela iritzi dio. «Batzuetan kontuak eskatzeko, bestetan, beraien buruarekin bakea sinatzeko edo gertatzen zaiena ulertzen saiatzeko. Ez zait batere lan erraza iruditzen eta nik uste dut gure artean ere frustrazioetako asko hemendik datozela», esan du azpimarran.

Fideltasuna eta fideltasunik eza ere gaitzat hartuta, zaintza eta haustea ere tartekatu zaizkio bidean. «Zaintzea gure harremanen ingrediente nagusietako bat da. Ez bakarrik familian, baita bikote eta adiskidetasunean. Konturatzen gara gero eta indibidualistagoa den mundu batean zainketa garrantzitsuagoa dela. Zainduak izan nahi dugula eta besteak zaindu nahi ditugula. Baina libre izan nahi dugu aldi berean. Norbanakoak izan. Gu geu izan. Izan behar genuen hura izan. Atea itxi eta ospa. Bitartean, zaintzen ditugun bitartean ihes egiten diguten pertsonak ere hor daude, eta gurekin geratzeko eskatzen diegun arren, badoaz».