GARA
DONOSTIA

Rossiniren «Errauskine» pedagogikoa dakarte Opus Liricak eta Musikenek

Gipuzkoan hezitako musikari eta artisten aldeko apustu bezala aurkeztu dute Opus Lirica elkarteak eta Musikenek maiatzean taularatuko duten Rossiniren “Errauskine”. Parte hartzaileen kalitatea nabarmendu zuten antolatzaileek atzo eginiko agerraldian.

Lehen aldiz elkarlanean aritu dira Opus Lirica elkartea eta Musikene. Donostia Kulturaren babesa dute.

«Konpainia sortu genuenetik hemen bertan daukagun kalitatearen aldeko apustua egin dugu. Oso pozik gaude, Donostian hezitako musikari eta artistei bultzada berezia emateaz gain, instituzioek ere hirian opera denboraldi bat izateko urrats bat gehiago eman baitute. Zorionekoak gara», adierazi zuen Ainhoa Garmendia Opus Liricaren zuzendariak.

Musikenek bere ikasle eta ikasle ohiak gonbidatu ditu opera honetan parte har dezaten; bai bakarlariak, bai abesbatza, bai orkestra. Azken hori, oso-osorik Musikenekoa izango da. «Gure musikariek bultzatuko dituzten ekimen berritzaileak bultzatu izan ditugu beti, eta Opus Liricak daraman ibilbide musikal eta profesionala ikusita elkarlan moduan primerakoa izan zitekeela otu zitzaigun», azaldu zuen Miren Iñarga Musikeneko zuzendariak.

Marife Nogales mezzosoprano andoaindarrak, Haizea Muñoz soprano errenteriarrak eta Lucia Gomez donostiarrak, hirurak Musikeneko ikasleak izanak, jokatuko dituzte paper nagusienak.

Maiatzaren 13an eta 14an da hitzordua Victoria Eugenia antzokian. 12an etxeko txikiei eskainitako saio berezia iragarri dute, gaur egungo haurrak biharko publikoa izan daitezen ahaleginean. «Haurrak arte eszenikoetan heztea guztiz oinarrizkoa da, hasieratik horrelako esperientziak izan ditzatela, ez soilik heldu direnean», esan dute. Sarrerak salgai daude dagoeneko.

Paolo Panizza italiarra da eszenografia arduraduna. «Oso ikusgarria eta deigarria izango da. Profesional handia izateaz gain esperientzia handia du», azpimarratu du Garmendiak. Musika zuzendaria izan behar zen Alberto Zedda hil ostean, Eduardo Portal gazteak hartu du bere lekua.

Ekoizpenak ukitu didaktikoa, entretenigarria eta erraza izango du. Horrenbestez, sekula opera bat ikusi ez dutenentzat primerako aukera da.

Denboraldiko hirugarren produkzioa da. Kursaal jauregian “Carmen” taularatu eta dena bete ondoren, berriz zintzilikatu nahi dute “sold out” jartzen duen kartela.

«Carmen itzel batetik gatoz eta ‘Errauskine’ hau ere ederra izango da. ‘Traviata’ eta ‘Carmen’ operekin eskaria egon badagoela ikusi dugu, baina tentuz jarraitu behar dugu. Etor zaitezte denok», luzatu zuen gonbita Chomin Martin Opus Liricaren presidenteak.