Jon Garmendia
Idazlea

Problema bat

Baduzu problema bat: ezagutzen duzun idazle baten testua irakurtzen ari bazara gogoa etengabe joaten zaizu idazlearengana, eta aldiz, oso tarteka irakurtzen ari zarenarengana. Garrantzi gehiago balu bezala, nork idazten duen, zer idazten duen baino. Baduzu beste problema bat: ezagutzen ez duzun emakume musikari baten kantua entzuten ari bazara gogoa etengabe joaten zaizu emakumearengana, eta aldiz, oso tarteka entzuten ari zarenarengana. Garrantzi gehiago balu bezala, nork abesten duen, zer abesten duen baino. Halakoetan, dozenaka estalpe eta estakururen artean, lepotik behera bizi den matxista ezagutzen duzu zure baitan, edo lepotik gora bizi dena bestela. Da lo mismo, c’est la meme chose. Baduzu problema bat gehiago: zoritxarrak neurtzen dituzu nori gertatu zaizkion arabera, garrantzi gehiago balu bezala, nork sufritzen duen, zer sufritzen duen baino. Eta ohartzen zara luzaroan horrela neurtu dituzula Ukraina, Txetxenia, Siria, Palestina eta Afganistan, urruntasun kilometroen arabera, edo erasotzailea nor izan den. Eta antzera “Charlie Hebdo”-rekin Parisen, desegindako historia unibertsalaren aztarnekin Alepon, edo kamioiekin Berlinen. Eta hari honi tiraka ikusten duzu zertan datzan problemetan problemena euskal gatazka politikoaren ondorio anitzekin, askok neurtzen dutelako euskal preso politikoen egoera aipatutako neurgailu horietan adibidez. Hartu Oiertxo Gomezen kasua, Aitzol Gogorzarena, Ibon Iparragirrerena... edonork babestuko luke haien askatzea, eta mobilizatu egingo lirateke horren alde. Baina nongo eta zeren presoak diren garrantzitsuagoa da beraiek sufritzen ari direna baino. Amen, aste santuan gaudela. Problema artean.