Surflari ernegatua

Lehorrean surfean

Munduko txapelketa deitzen duten «Zarauzko munduko txapelketa» ikusten aritu naiz egunotan. Eskaskeriaren apologia etengabea egiten duten hedabideek lehiaketa hau 1988. urtetik egiten dela diote; noski, gezurra da, bestela, munduko surflari ezagunenak ikusi ahal izango genituen gurean eta ez da horrela. Hastapenetan egiten zena lehen mailakoa zen, eta orain egiten dena bigarren mailakoen artean apalenetakoa da, besteak beste, lehen mailako txapelketa bat egiteko leku batek bete behar dituen baldintzak oso zorrotzak direlako, eta Zarautzek, horretan ere, ez luke maila emango.

Edonola ere baditu gauza onak txapelketa honek. Hasteko, antolatzaileen izpirituak ez du bat egiten biltzen den jende multzoak eman dezakeen irudiarekin. Antolatzaileek, eta zehatzago, txapelketako zuzendariak, balore eta irizpide aberatsak dituzte, genero ikuspegitik, hizkuntza eta kulturaren oinarrizko errespetutik eta surfa ulertzeko sakoneko ikuskera batetik begiratuta. Beste gauza bat da haiek bezalakoak ez direnekin lan egitera behartuak daudela, eta azkenean ematen den irudia bestelakoa izan daitekeela. Jada boluntarioak aurkitzen sekulako zailtasunak dituzte, besteak beste, gazteek diru truke ere laguntza txanda bat egiteko gogorik ez dutelako.

Itsasoan, maila handiko surfa ikus daiteke, baina halako txapelketa batek lehorrean surf egiteko aukera ere eskaintzen du. Giza itsaski sendoa osatzen da hondartza eta malekoi artean, eta uhin lerroak giza multzo desberdinetan sailkatzen dira, olatuak bezala, guztiak desberdinak izan arren, urrunetik begiratuta denak berdinak baitira.

Lehen errazagoa zen profil bakoitza bereizten. Surflari profesional bat ezagutu gabe ezagut zitekeen, itxuragatik bakarrik. Gero katalanak haiek bezala mozorrotzen hasi ziren, eta barre egiten zieten orain profesional itxurak egiten dabiltzanek. Multzo berean biltzen dira surflariei “perucos” deitzen gintuzten pijoak, haien seme-alabak surflari profesionalak izango diren esperantzan olatuak bultzatzen dabiltzanak. Alferrik ari dira, surflari on bat izateko irakurtzen ere jakin behar baita, eta garrantzitsuena, nortasuna behar da.

Ez ditut kuadrillak bereizten. Lepo aldean tatuajeak dituztenak, esaterako, agian ez dira gaiztoak; ilehoriak, agian ez dira surflariak; eta bizar handia izan arren, gazte horiek ez dira gizonak, haurrak baizik. Guztia itxura kontu bilakatu da. Hala ere, badira aldatzen ez diren gauzak: urertzeko neska-mutil katxarroen uso pasa, orroka hitz egiten duten espainol taldeak, ikusleek ulertzen ez dituzten txiste sutilekin jendearen aurpegietan marrazten diren irri behartuak, Miky Doraren betaurrekoekin denbora-panela itzultzen duen laguntzaile zoriontsua, lehen aldiz surf egiteko jende gehien begira dagoen unea hautatzen duten konplexurik gabeko morroi ausartak, urertzeko argazkilari frankotiratzaileak, eta abar.

Bai, lehen giza taldeak errazago identifikatzen ziren: punkiak, heavyak, surferrak, baserritarrak, borrokak, bakaladeroak edo peneubekoak. Ezohiko gertakizuna zen guztiok bat egiten genuenean, eta hori, munduko lehen txapelketa haietan lortu zela uste dut. Orain ez dakit hala den.