Andoni ARABAOLAZA
Sariak

Urrezko Pioletak bi sari nagusi eman eta bi aipamen berezi egin ditu

Grenoblen eginiko alpinismo sari entzutetsuenen 25. edizioan Nyainqentangla eta Thalay Sagar mendietan eginiko jarduerak nabarmendu dituzte.

Estatu frantsesean antolatzen dituzten sona handiko alpinismo sarien aurtengo edizioaren lehen zatia gauzatu da dagoeneko. Bai, beste edizioetan ez bezala, bi zati izango ditu. Lehena, esan bezala, egin da; hain zuzen ere, Grenoblen, duela hamar egun.

Ohi denez, Urrezko Pioletak egitarau zabala eskaintzen du, eta aurten ere ez da atzean geratu: hitzaldiak, erakusketak, film emanaldiak, mahai-inguruak...

Baina, inolako zalantzarik gabe, benetako protagonismoa hartzen dutenak antolatzaileek banatzen dituzten sariak izaten dira. Eta, jakina, aipatutako ekitaldian ere hala izan zen. Gogora dezagun, Asiako edo Errusiako Urrezko Pioletek ez bezala, Estatu frantsesekoak nazioarteko izaera duela; hots, munduko mendilerroetan zehar iaz egin ziren alpinismo jarduera onenak saritzen dira.

2017. urteko edizioari dagokionez, bi jarduera dira aitortza nagusia jaso dutenak. Biak ala biak, gainera, Mendia ataleko orrialdeotatik igaro direnak; beraz, ziur aski irakurleak gogoan izango ditu.

Lehena, Nick Bullock eta Paul Ramsden britainiarrek sinatutakoa da; hain zuzen ere, Nyainqentangla mendian (7.046 m, Tibet). Bada, sokada horrek 7.000koaren hego-ekialdeko tontorra zuen xede, eta haren ipar aurpegian 1.600 metro eta ED+ zailtasuna duen marra bat zabaldu zuen.

Bi protagonistok Tom Nakamurak ateratako argazki batzuk izan zituzten inspirazio iturri. Nyainqentangla haran ezezaguna aukera zuten, eta izen bereko lau gailurretatik aipatutakoaren aldeko apustua egin zuten. Eguraldi iragarpenik jaso gabe, Bullock eta Ramsdenek oso arin eta estilo alpino zorrotzarekin zazpimilako horren ipar aurpegian lehen igoera egin zuten.

Bigarren sarituak, berriz, Dmitry Golovchenko, Dmitry Grigoriev eta Sergey Nilov errusiarrak izan dira. Hirukote honek Thalay Sagar mendiaren (6.904 m, Indiako Himalaia) ipar isurialdeko kontrahorman bide bat (ED2, M7, WI5, 5c, A3) zabaldu zuen. Hauek ere estilo alpinoan eskalatu zuten, eta “Moveable feats” izeneko marra igo ahal izateko zortzi egun behar izan zituzten.

Gainera, zeharkaldi ederra egin zuten, mendebal ertzetik jaitsi baitziren. Zalantzarik gabe, goi mailako mendi jarduera baten aurrean gaude kasu honetan; izan ere, iazko abenduan Errusiako Urrezko Pioleta ere jaso zuen.

Jeff Lowe

Horiek dira, beraz, saritutako bi jarduerak. Baina, ohi den bezala, esan beharra dago aukeraketa horietan epaimahaiak ez duela batere lan erraza izan; izan ere, esku artean 2016. urtean eginiko alpinismo jarduera bikainak zituen. Hori dela eta, epaimahaiak beste bi eskalada aitortu nahi izan ditu; hots, aipamen bereziak jaso dituzte.

Colin Haley eta Alex Honnold estatubatuarrek Patagoniako Torre mendilerroko zeharkaldia egun bakarrean egiteagatik; hots, Standhardt Orratza, Punta Herron, Torre Egger eta Cerro Torre erpinak lotzeagatik.

Bigarren aipamen berezia Cho Seok-mun, Kim Chang-ho eta Park Joung-yonh hego-korearrentzat izan da. Aipatu behar dugu hirukote horrek Gangapurnna mendiaren (7.455 m, Nepal) hegoaldeko aurpegian bide berria zabaldu zuela.

Arestian aipatu ditugun bi jarduera horiek urrezko piolet bana jasoko dute. Eta jasoko dutela diogu, Grenoblen bertan baina azaroan beste ekitaldi batean banatuko direlako. Duela hamar egun eman zuten horien berri. Azkenik, gogoratu behar dugu Jeff Lowe alpinista estatubatuarrak ibilbidearen ohorezko saria jaso duela.