GARA
AZKOITIA

Lan segurtasuna lehentasun bihurtzea eskatu dute, azken heriotzaren harira

63 urte zituen eta erretiroa hartzear zegoen. 44 urte zeramatzan zulatzeko eta hariztatzeko makinak egiten dituen Azkoitiko Erlo enpresan lanean. Asteazkenean, mugitzen ari zen makina pisutsu batek harrapatuta hil zen. Prebentzioan egin nahi dute indarra sindikatuek.

Asteazkenean lan istripuz hil zen gizonezkoa azkoitiarra zen eta Eibarren bizi zen gaur egun, Maxixatzen.eus-ek jakinarazi zuenez. Errelebo kontratuarekin ari zen lanean, erretiroa hartzear baitzegoen. Osalanek azaldu zuenez, 63 urte zituen eta 44 zeramatzan zulatzeko eta hariztatzeko makinak egiten dituen Erlo Group konpainiako enpresan. Behin-behineko txostenak dioenez, pisu handiko makina bat mugitzen ari zen eskuz, eta honek buelta eman eta langilea azpian harrapatu zuen. 15.40ean gertatu zen ezbeharra Txerloia auzoko enpresan. Mendaroko ospitalera eraman zuten anbulantzian, baina sufritutako zaurien ondorioz hil egin zen.

ELAk eta LABek salatu zutenez, aurten lanean bizia galdu duen 21. pertsona da. Bi sindikatuon eta ESK, Steilas, EHNE eta Hiruren deiari erantzunez, dozenaka lagun bildu ziren atzo eguerdian Erlo enpresan, horien artean hildakoaren lankideak. 24 orduko lanuztea egin zuten.

Sindikatuek Osalani eta Lan Ikuskaritzari exijitu zieten lan istripuak ekiditeko «tresna eraginkorrak» martxan jartzeko. Gipuzkoako Batzar Nagusiek erakunde adierazpenean agertu zuten lehentasuna izan behar duela lan segurtasunak. Oroitu zuten langileak direla gure herrialdearen garapen sozial eta ekonomikoaren muina, eta prebentziorako arauak betetzeko eskatu zuten.

Guzti-guztiek elkartasuna azaldu zieten hildakoaren senide, lagun eta lankideei.