BAIONA

«Inclusiondes», etorkinen parte hartzea bermatzeko irrati libreen egitasmoa

RadioKulturak deituta, Europako 5 herrialdeetatik etorritako 18 kazetari bildu ziren atzo Baionan, irrati libreetan etorkinen parte hartzea nola gauzatu aztertzeko eta pauso hori eman nahi duten irratientzat lagungarri izan daitekeen gidaliburua aurkezteko. Aurrerantzean nahi duenarentzat eskuragarri izango da «Inclusiondes.eu» webgunean.

Honako galdera honi erantzuteko asmoz sortu zen “Inclusiondes” proiektua. «Nola egin etorkinen komunitateak irrati libreetan parte hartzeko?». Lehen urratsak 2015. urte amaieran eman zituzten eta gaur arte harreman etengabean izan dira egitasmoa sustatu duten bost irratiak. Erasmus programa europarraren babesarekin gauzatu ahal izan duten lanabesa atzo aurkeztu zuten Baionan.

Egitasmoa martxan jarri zutenetik egin duten hirugarren «bilera fisikoa» izan zen atzokoa; izan ere, lehena Madrilen izan zen, bigarrena Budapesten eta orain, Baionan daude, RadioKultura (Hazparne), Civil Radio (Budapest, Hungaria), Near FM (Dublin, Irlanda), Freies Radio Wüste Welle (Tübingen, Alemania) eta Radio Enlace (Madril) irratietako kideak.

Etorkinekin irratietan lan egin duten irratien esperientziak bildu, azterketa bat egin eta «praktika onen gida bat egiteko» hasi ziren elkarlanean eta orain artean egindakoak fruituak eman ditu. Izan ere, helburua, irratsaioetan etorkinen parte hartzea bermatzera bidean lehen urratsa egin nahi duten irratientzako lagungarri izango den gida edo tresna bat eraikitzea zen, eta hori jada egin dute, baina bidean beste zenbait urrats egin behar izan dituzte.

Bi inkesta

Horraino iristeko emandako pausoen berri ere eman zuten atzo. Gidaliburuaren oinarrian dauden irizpideak esaterako, bi galdetegiren bidez osatu dira. Lehena kuantitatiboa litzateke, irratiei zuzendua, horien programazioetan etorkinek duten parte hartzea zenbaterainokoa den argitzeko.

Guztira, 15 irratik hartu dute parte inkestan. Horietatik sei Alemaniakoak, hiru irlandarrak, bi Estatu frantsesekoak, beste bi Estatu espainolekoak, irrati suitzar bat eta azken bat Austriakoa. Denen artean aipatu irizpideak betetzen zituzten 143 emanaldi zabaldu zituzten, 64 herrialdetatik etorritako 43 hizkuntzatan.

Bigarren galdetegiak, ostera, izaera kualitatiboagoa du, irratsaioetan parte hartzen duten etorkinen kopuruari baino, horien esperientziak jaso, nola formatu diren, zein hizkuntzatan aritzen diren eta antzeko datuak biltzen baititu. Irratsaioren bat eskaintzen duten 24 herrialdetako 44 esatari etorkinek hartu du parte bigarren galdetegi honetan.

«Inclusiondes.eu»

Etorkinen parte hartzea bultzatu nahi duten irratientzat lagungarri izango den gidaliburuak, besteak beste webgune forma du, horrela, «hedapen zabala izan eta edozeinentzat eskuragarri izango da».

Hizkuntza desberdinetan aurkeztutako giden bilduma “Inclusiondes.eu” webgunean ikus daiteke eta bertan lagungarri izan daitezkeen irratsaioen adibideak eta dokumentu desberdinak daude. Euskarazko bertsioa oraindik ez dago sarean, «baina itzulpen lanetan ari gara eta hori ere etorriko da», argitu zuen Mikel Etxebarria RadioKulturako kide eta jardunaldien antolatzaileak.

Kultura desberdinak aintzat hartzeak duen garrantzia azpimarratu zuten partaideek eta Internetek «mundura zabaltzeko» ematen duen aukera ere nabarmendu nahi izan zuten.