Andoni ARABAOLAZA
ALPEAK

Simon Chatelanek, bakarka, mistoko bide gogorra zabaldu du

Alpinista suitzarrak Tete de Biselx-eko ipar horman «Misanthropie i-conique» sortu du. M7+ eta A2 zailtasun teknikoak ditu.

Colin Haleyk bezala, Simon Chatelanek ere bakarkako jarduera bat aurkeztu digu. Alpinista suitzarrak goi mailako jarduerak egiten ditu, besteak beste, mistoa nagusi den eskaladetan. Eta, oraingoan ere, estilo horri heldu eta bide berria zabaldu du. Aurreratu dugun bezala, bakarka.

Chatelanek adierazi du sormen lan berria Mont Blanc-eko mendigunean egin duela; hain zuzen ere, Tete de Biselx-eko (Trient) ipar horman. “Misanthropie i-conique” deitu dio, 300 metro luze da eta M7+ eta A2 zailtasunak ditu.

Nahiz eta oso ezaguna eta mediatikoa den Mont Blanceko mendilerroan jardun duen, lasai asko esan genezake eskalada hau mendi “ezezagun” batean egin dela. Tete de Biselx 3.509 metro dituen granitozko monolito ederra da. Haren ipar horma, berriz, 300 luze da eta Trient-eko glaziarrera begira dago. Berez, Mont Blanceko mendigunean dago, baina Suitzako lurretan. Eta, aurreratu bezala, oso ezezaguna da. Zergatia, ziur asko, oso argia da: isuri horretan ez dago teleferikorik, ezta antzeko gailu artifizialik ere. Eta jakin badakigu, mendilerroaren frantziar isurian zenbat dauden.

Horrela bada, Chatelanek berak aitortu du izaera horretako txoko horretan jardutea gustuko duela: «Basamortu itxurako paradisu bat da, baina hara iristeko lau orduko ibilaldia egin behar da. Gainera, bibaka egitera behartuta zaude. Bibakaren ordez, aukera dago Trienteko aterpean gaua igarotzeko. Hau ipar hormatik 45 minutura dago. Nik aukera hau aholkatzen dut, besteak beste, aterpearen nagusia, Oilvier, pozez zoratzen egongo delako inguru horretan egin daitezkeen eskaladen berri emateko. Betiere, Genepi izeneko likore bat dastatzen den bitartean».

Protagonista honek ondo baino hobeto ezagutzen du alderdi hori, eta, jakina, Tete de Biselx-eko ipar horma. Izan ere, iazko apirilean David Pache kidearekin batera mistoko marra bat sortu zuen: «Hormaren ezkerraldean zabaldu genuen, eta ‘Full dry Love’ (260 m, 9 luze, M7+) deitu genion. Bi egunetan (12 ordu) harribitxi hau eskalatzeko aukera izan genuen. Artesi piloa du, eta, beraz, friendekin eta fisureroekin babesteko bikaina da».

Bakarka

Chatelanek esan du horma horrek asko motibatzen duela, eta eskalada estilo bera aukeratu du bide berri bat zabaltzeko: «Paretaren eskuinaldean tximinia sistema handi bat ikusi nuen. Horretaz gain, artesi oso zehatzak ditu eta pare bat sabai ere bai. Hormatzar horretan eskalatzeko hilabete egokienak martxoa eta apirila dira. Jardun honetarako kideren bat bilatzen egon nintzen, baina azkenean bakarka saiatzea erabaki nuen. Jakin banekien, eguraldi egonkorra izango nuela. Aterpera 25 kiloko bizkar-zakuarekin igo nintzen».

Hori apirilaren 7an izan zen. Biharamunean, berriz, goizeko seiak izateko ordu laurden falta zenean errimaia zeharkatu eta eskalatzen hasi zen: «Arrokaren kalitatea ez zen batere ona. Egunsentiarekin batera, elurrezko aldatsak igo, artesi batzuei jarraitu eta oso agerikoa den tximinia sistemara ailegatu nintzen. Mistoko pare bat luze eskalatu nituen, zailtasunean oso jarraituak ziren eta 30 metroko luzera zuten. Goizeko hamaikak aldera, tximinia erraldoiaren oinarrira heldu nintzen. Nahiz eta bakarkako estiloak eskatzen dituen igoera eta jaitsierak guztiak egin, erritmo ona neraman. Eta horrek asko poztu ninduen».

Alpinista suitzarrak aipatu du tximiniaren zati hori teknikoa zela, baina, era berean, uste zuen baino errazagoa ere bai. Eguerdiarekin batera, sabaira iritsi zen: «Aldez aurretik aztertutako sekzio hau bidearen giltza izango zela iruditu zitzaidan, eta ez nengoen batere ziur era askean igoko ote nuen. 30 minutuko atsedena hartu ondoren, diagonalean gora egin nuen. Baina, soka oso tenkatuta neramanez eta helduleku gutxi zeudenez, azkenean metro batzuk era artifizialean egin nituen. Uste dut era askean igotzeko aukera dagoela, eta gutxi gorabehera M8+/M9 izan dezake».

Sabai hori gainditu ostean, Chatelan azken luze bat egin eta gailurrera iritsi zen. Arratsaldeko hirurak ziren. Ekialdeko aurpegitik egin zuen jaitsiera.