Andoni ARABAOLAZA
ALPEAK

Aiguille du Midik jaso du mistoko proposamen berria

Egileak David Autheman, Gerem Rakowski, Lucien Boucansaud eta Jeff Mercier izan dira. Sortutako bideari «Red Devils» izena jarri diote, 1.000 metro luze da eta M7 eta 90º zailtasunak ditu. Marraren gogortasuna dela eta, bi egun behar izan zituzten osatzeko.

Jeff Mercier mendi gida eta alpinista frantziarrak Mont Blanc-eko mendilerroa ondo baino hobeto ezagutzen du. Han “bizi” da, eta inguru hartako mendien zein pareten baldintzak gertutik aztertzen dituenez, urtero saiatzen da sormen lanen bat edo beste egiten. Eta guztietan ala guztietan mistoa nagusitzen da. Hots, lasai asko aitor genezake eskalada estilo horretan espezialista handia dela.

Bere azken lana mendilerro horretako erpin aski ezagun batean sinatu du: Aiguille du Midin. David Autheman, Lucien Boucansaud eta Gerem Rakowskirekin batera mendiaren ipar aurpegian “Red Devils” marra zabaldu du. Laukote frantziarraren proposamen berria 1.000 metro luze da, eta honako zailtasun teknikoak ditu: M7 eta 90°.

Mercier izan da jarduera berri horren liderra, eta, ohi den bezala, prismatikoekin makina bat ordu egiten ditu hango eta hemengo paretak eta balizko marrak aztertzen. Alpinista honek berak aitortu duenez, ipar horma hori Les Houches-etik aztertzen ari zela, ageriko diedro eder bat ikusi zuen: «Aiguille du Midiko murru horretan hainbat bide daude, baina guztiak ala guztiak ez ditut ezagutzen. Francois Damilano gidaren argitaratzaileari galdetu nion ea diedro hori eskalatuta zegoen. Eta hark erantzun zidan ez zuela horren berri. Poztu nintzen, eta behealdean sarrera bat aurkitzen saiatu nintzen. Prismatikoekin behin eta berriz begiratu nuen, eta diedro beltz horrek oso itxura ona zeukan. Alabaina, ez nekien arrokaren kalitatea ona ala txarra izango zen. Eta, gainera, ez nengoen ziur hura gainditzeko gai izango ote nintzen. Jakina, zalantza horiek guztiak baztertzeko, hara abiatzea erabaki nuen».

Maiatzaren 16an, bere hiru kiderekin batera paretara hurbildu zen. Bibaka egin eta gero, goizeko 04.30ean martxan ziren: «Eskalatzen hasi bezain laster, ohartu ginen aukeratutako marra zaila zela; espero genuena baino askoz ere gogorragoa. Bide osoa egunean amaitzeko denbora agortu zenez, paretaren goialde hori beste saio baterako utzi genuen; izan ere, biharamunean laurok lanera joan behar genuen. Jaitsiera azkarrra egin behar genuenez, mendebal korridoretik irten ginen».

Eskalatutako metroen izaerari dagokienez, frantziarrak zera adierazi du: «Hasteko, arrokazko 100 metroko murru bat eskalatu genuen. Ondoren beste bat, baina elurrezko aldatsak nagusi ziren. 90°-ko luze ez oso erakargarri baina sendoari ere ekin genion, eta zailtasun tekniko gogorrenak iritsi zirenean, jaisteko erabakia hartu genuen».

Bigarren saioa

Astebetera, maiatzaren 23an, Mercierrek Autheman konbentzitu zuen bigarren saioa egiteko. Cosmiquesen gaua pasatu ondoren, bigarren saioari ekin zioten. Aurrekoan ez bezala, bigarren horretan bi protagonistek baldintza ezberdinak izan zituzten; izan ere, tenperatura asko igo zen.

Goizeko hiruretarako pronto ziren, eta oso azkar paretaren sarreran jarri ziren. Mendebal korridoretik igo ziren, eta astebete lehenago zintzilik utzitako sekzioan sartu ziren: «Diedroan sartu bezain laster, ohartu ginen hura eskalatzeko aukera ezberdinak zeudela. Guk, bederen, itzalean zegoen bide batetik jarraitu genuen; hain zuzen ere, diedroaren izkina batetik. Guztira, mistoko lau luze gainditu genituen; laurak ala laurak ederrak baino ederragoak. Zailtasun hauek guztiak igo ondoren, amaiera aldean arrokan 4+/5 graduko luze eta erdi eskalatu genuen. Hortik aurrera, zailtasun berezirik gabe, gailurrera iritsi ginen. Bide batez esan behar dut geure ustetan ‘Red Devils’ egunean eskalatu daitekeela; gutxi gorabehera, 15 orduan».

Mercierrek, azkenik, adierazi du zailtasun tekniko gogorrenak diedro beltz horretan daudela: M7 eta 90°.