Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Kanpaina

Aspalditik dabiltza AEBetan indiar-amerikarren estereotipoetan oinarrituriko unibertsitate mailako zein maila profesionaleko kirol taldeen maskotak desagerrarazteko kanpainarekin. Irudia ezaguna zaigu denoi. Ile beltzaran luzea solte ala txirikorda batean lotuta eta lumekin apainduta; masailak margoz estalita; xingoladun larruzko alkandora eta prakak soinean; arkua eta geziak eskuan. Eta jakina, tipia, oinarrizko osagaia hura.

Indiar-amerikar guztiak ez dira berdinak. Hainbat gizataldez ari gara –hainbat hizkuntza, hainbat kultura, hainbat janzkera, hainbat erlijio–, zenbait gauza komunean badituzte ere. Europarren kolonizazioari aurre egin behar izan ziotela, esaterako, eta oraindik ere hari aurre egiten dabiltzala. Hala ere, talde homogeneoa balitz bezala errepresentatzen ditugu. Eta iraganekoa. Ez zibilizatua, alegia. Exotiko. Beste. Ile beltzaran luzea solte ala txirikorda batean lotuta eta lumekin apainduta; masailak margoz estalita; xingoladun larruzko alkandora eta prakak soinean; arkua eta geziak eskuan. Eta jakina, tipia, oinarrizko osagaia hura. Maskoten kontrako kanpainak arrakasta izan du kasu gutxi batzuetan. Oro har, status quoa da nagusi. Maite, maite ditugulako gure indiarrak. Gogoratzen indiar eta unaietara jolasten ginenean? Toleranteago omen zinen, indiarrez mozorrotzen bazinen. Bazara. Bai, maite ditugu gure indiarrak, eta ospatu ere ospatzen dugu horien presentzia. Ausentzia. Literaturian bezala.