Surflari ernegatua

«Joven vasco, surfero y guapo»

Iaz igorri zidaten arren, joan den astean irakurri nuen mezua. Gazteleraz idatzitako testu laburrean ETB2ko langile batek “60 minutos a solas” programan parte hartzeko gonbidapena helarazten zidan. Ez dut inoiz programa hori ikusi eta ez dakit berau emititzera iritsi ziren ere, baina bitxia iruditu zitzaidan nigan erreparatu izana.

Nirea bezalako profilen bila omen zebiltzan, «joven vasco, surfero y guapo». Haiei deitzeko telefono zenbakia eman eta parte hartzera animatzen ninduten: «Es una oportunidad única de encontrar tu media naranja con la ayuda profesional de un equipo de psicologos. Pero sobre todo vamos a conseguir que te lo pases en grande. ¡El programa va a ser la bomba! TE ESPERAMOS».

Gaztea omen naiz, «vasco» eta guapoa. Azken hau bai, posible da, baina horretarako isilik egon behar dut eta ez naiz gai. Euskalduna bai, eta nafarra ere bai, baina «vascoa», ez dakit, EITBn hitz hori erabiltzen dutenean “Euzkadi” kontzeptuaren eratorri gisa darabiltela iruditzen zait, eta agian oker nabil, euskaldunak izendatzeko erabili zen lehen izenetako bat baita, baina hiru probintzia baino ordezkatzen ez dituen termino orok atzerakoa ematen dit.

Gaztea ere ez. Gaztea, 25 urte arte da. Ondorioetan pentsatu gabe jarduteak ez du luze irauten; beraz, beren burua gaztetzat duten helduekin ere ez nator bat. Edo inoiz ez dira gazte izan (ez astakeriarik egin) edo ez dute oraina onartu nahi.

Orain arte esandakoekin argi gera daitekeen gauza bakarra hau da, igorri zidaten gonbidapenari etekinik ateratzekotan psikologoen arloan litzatekeela. Interesgarria litzateke ur putzu batean itotzera gonbidatuko ninduketen horien argudioak entzutea. Beraz, zergatik nigana? “Surfero” perfila dudalako. Eta hemen Arrigorriagako gizon argal batek esaten zuena datorkit burura. Bere hitzak ez, baina esaldiaren egitura parafraseatuz, esango nuke: «Surflariak ez gara surferrak edo surferoak, surflariak gara, kito, eta haiekin batzen gaituena ez da gremio berekoak izatea, leku berean surf egitea baizik».